Oñatiko udala

Gandiaga eraikinean aterpetxea egokitzeko lanen lizitaziora aurkeztu diren enpresen B kartazalak eguerdian ireki dira

2014/11/24
Card image cap
Bi enpresen proposamenak jaso dira eta egikaritze epe eta hobekuntza proposamenak jasotzen dituzten plikak ireki dira gaur.

  Lizitaziora aurkeztu diren bi enpresen kontratazio ahalmena egiaztatzen zuten A kartazalak ontzat eman eta gero, egikaritze epea, berme epearen luzapena eta bestelako hobekuntza proposamen batzuk jasotzen dituen bigarren plika edo kartazala da gaur ireki dena.

  Egikaritze epeari dagokionean esan, lanak bost hilabete eskasean egitea aurre ikusten zela lizitazio baldintzetan, konkretuki, 23 asteko epea zehazten baita zuinketa akta izenpetu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epe hori laburtzeko proposamena egitea bereziki baloratuko da. Berme epea luzatzea edo bestelako hobekuntza lan batzuk baloratuko diren bezala. Balio balio judizio baten menpe dauden irizpide guzti hauen gehienezko balorazioa 20 puntu izango da, egun batzuk barru irekiko den C kartazalean gordetzen diren eskaintza ekonomikoek 80 puntu lortzeko bidea emango baitute. Beraz, gorabehera txikirik ez badago behintzat, enpresen eskaintza ekonomikoak erabakigarriak izango dira lanen esleipena egiterakoan.

  Orain bi urte egin zen proiektua pitin bat egokituta, Gandiaga eraikinean  58 lagunentzako aterpetxea prestatuko da.
Aterpetxeak 500 metro karratuko azalera izango du. “Alonso Hernandez asociados” arkitekto enpresak egindako proiektuaren arabera, Arantzazuko aterpetxeak 12 oheko lau logela eta 10eko beste bat izango ditu. Gizonezko eta emakumezkoentzako bainu gela bana, hiruna dutxa eta beste horrenbeste komunekin eta ezinduentzako egokitutako beste bainugela txikiago bat ere bai. Horiezaz gain, aterpetxeak, 27 metro karratuko sukaldea izango du, bere biltegiarekin eta sukaldearen ondoan, 104 metro karratuko jangela-egongela zabala. Espazio hau moldagarria izango da eta bertako mahai eta aulkiak unean uneko beharren arabera antolatzeko aukera egongo da.

  Gandiaga B eraikina deritzonean aterpetxea egokitzeko lan hauek, 312 mila euroko lizitazio aurrekontua dute.  Horri, BEZa batu behar zaio.

 

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!