Ganbara Txiki eta Ganbara abesbatzek bazkide kontzertua eskainiko dute maiatzaren 9an Mikel Goiaingeruaren Parrokian
Kultura elkarrekin egitasmoaren baitan, bigarren bazkide kontzertua izango da maiatzaren 9koa. Iazkoa euskal antologiari eskainitako kontzertua izan zen, aurtengoa berriz, musika erlijiosoari eskainitakoa izango da. Kontzertu berezia, nagusiki, XXI. mendeko musika erlijiosoa eskainiko delako eta organoz lagunduta osatuko delako. Alde horretatik, Ganbara taldearentzat berezia dela azaldu zuen Aitor Biain taldeko zuzendariak, lehen aldia izango delako Parrokiako organoz lagunduta kantatuko dutela.
Aipagarria da, bazkide kontzertu honetan Ganbara Txikik eta Ganbara abesbatzak kantatuko dutela eta organoa jotzen, taldearekin harreman oso estua duen Josu Elberdin arituko dela. Azpimarratzekoa da baita ere, Josu Elberdinek berak sortutako meza bat kantatuz hasiko dela emanaldia. Joan Paulo II. Aita Santuari eskainitako meza, 2012an estreinatu zuen Ganbara Abesbatzak Arantzazun eta maiatzaren 9an, Parrokian, berriro kantatuko du.
Bazkide kontzertu hau berezia izango da bestalde, entzun ez ezik, ikusi ere egingo delako. Parrokiako koruan izango diren kantari eta musikarien irudiak aldare inguruan jarriko den pantailan proiektatuko dira.
Kultura elkarrekin egitasmoa orain bi urte abiatu zuen Ganbara Kantu Eskolak. Finantziazio bide pribatua topatzea du helburu eta parte hartzen dutenei taldearen berri izan eta ekitaldietan parte hartzeko abantailak eskaintzen zaie, tartean, bazkide kontzerturako sarrerak. Egun, Kultura elkarrekin egitasmo honen baitan, 21 lagun eta 48 bazkide dituzte. Helburua, bost urtean, bazkide kopurua bikoiztea da.
Maiatzaren 9an, eguerdiko ordubatetan eta Mikel Goiaingeruaren Parrokian eskainiko den bazkide kontzertu hau ez da ordea bazkideentzat soilik izango. Gainontzeko herritarrek ere joateko aukera izango dute. Horretarako sarrerak, 8 €ren truke, Txokolateixan erosi daitezke.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!