Oñatiko udala

Ganbara Abesbatzak Goriziako lehiaketan parte hartuko du asteburuan

2023/07/19
Card image cap
Italiara abiatu aurreko azken kontzertua Bakion emango dute gaur

  Nazioarteko lehiaketa berri baten haritik Italiara itzuliko da Ganbara abesbatza asteburuan; 2015ean Arezzon parte hartu zuen eta iaz Frantzian, Provenzako nazioarteko lehiaketan aritu zen.

  Polifonia eta folklore ataletan parte hartuko dute oñatiarrek eta lehiaketan, Italia, AEB, Kanada, Txina, Filipinak, Lituania, Ukraina, Polonia eta Esloveniako beste abesbatza batzuekin neurtuko dira. Helburua domekako finaletara sailkatu eta Grand Prix sari nagusian kantatzea dela adierazi du Aitor Biain zuzendariak. Horretarako, lan handia eta pieza moldaketa oso bereziak prestatu dituztela gaineratu du.

  Bihar bidaiatuko dute oñatiarrek Italiara eta lehiatzen ostiralean hasiko dira, polifonia atalean. Larunbatean berriz, folklore atalean parte hartuko dute. Gainera, inguruko herri batean ere kontzertua eskainiko du Ganbara abesbatzak, antolakuntzak hartarako aukera ere eman baitie. Aipagarria da folklore atalerako lau euskal abestien moldaketa prestatu duela taldeak, sagardoa nola egiten den musikaz eta koreografia berezi batez italiarrei erakutsi eta helarazteko. Aurrez, gaur arratsaldean, Italiara joan aurreko azken kontzertua eskainiko du Ganbara Abesbatzak Bakion, 20:00etan, Musika Astearen baitan.

  40 lagunek osatzen dute Ganbara abesbatza, eta domekako hauteskundeak tarteko, pare bat Italiako hitzordua galtzear egon diren arren, guztiek bidaiatu eta parte hartuko dute Gorizian izango den 60. Seghizzi Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan.

  Ganbara abesbatza Gorizian lehiatuko da asteburuan, eta hilabete barru, Ganbara Faktoriako beste talde bat, Hots abesbatza, Arezzon lehiatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!