Oñatiko udala

Gaikako hondakin bilketa sistemaz galdeketa egiten hasi dira.

2014/07/16
Card image cap
Posta elektronikoz zabaldu den inkesta, udaleko web atarian ere zintzilikatuko da.

  Urtebete da jada hondakinen atez ateko bilketa sistema martxan jarri zela. Sistemaren oinarria etengabeko hobekuntza izan behar duela jakinik, erabiltzaileen iritzia jasotzeko galdetegia zabaldu da hondakinen informazio bulegotik.

  13 galderatan, sistemaren alderdi ezberdinak eta bilketa zerbitzua bera baloratzea eskatzen da. Zintzilikarioen kokapenaz, frakzio bakoitzaren bilketa maiztasunaz, banatutako ontzien neurriaz edota haizearen eragina gutxitzeko hartutako neurriez iritzia eskatzen da. Bilketa zerbitzuan intzidentziarik izan ote den galdetzen da. Garbigune ibiltariaz, traste zaharren bilketaz eta hondakinen informazio bulegoaz balorazioa egitea ere eskatzen da. Etxeko ohiturek ere lekua dute galdetegian, eta poltsa konpostagarriak erabiltzen ote diren, larrialdi gunera joan den eta hondakinen sorreran lortutako kontzientziazio mailaz  galdetzen da. Azkenik, sistema berriaren balorazio orokorra egitea eskatzen da eta bestelako ekarpen edo proposamenetarako tartea ere badago.

  Denbora pitin bat hartuta, xamur bete daitekeen galdeketa da.

  Oraingoz, 600 bat herritarrei zabaldu zaien inkesta da. Hondakinen informazio bulegoan jasota zituzten erabiltzaileen helbide elektronikoak erabili dira galdeketa zabaltzeko. Udaleko web atarian ere zintzilikatuko da eta bertatik, nahi duen herritarrak betetzeko aukera izango du. Erantzunak beti anonimoak izango dira.

  Hondakinen informazio bulegoan jasoko dira erantzun guztiak eta herritarrek egindako ekarpen eta eskaeren arabera, Debagoienako Mankomunitatera edo udalera bideratuko dira, beti ere, hondakinen bilketan bakoitzak duen ardura eta konpetentziaren arabera. Eta sistema bera hobetzeko helburuarekin.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!