Oñatiko udala

Gabonetako kanpainari ekin dio Txanda dendarien elkarteak

2021/12/10
Card image cap
20, 50, 100, 200 eta 500 euroko saria eskuratzeko zozketan parte hartuko dute hilaren 28ra arte egindako erosketek

  Txandaren Gabonetako promozio kanpainak 52 sari banatuko ditu, guztira, 3.700 euro. Baina irabazleak eta bakoitzak lortutako saria abenduaren 31n ezagutuko dira.

  Abenduaren 28ra arte egiten den erosketa bakoitzeko txartelean izena eta telefono zenbakia idatzi eta zozketarako kaxan sartuko du bezeroak. Jasotako txartel guztien artean zozketa egingo dute Txandako kideek abenduren 29an eta irabazleei 31an, 14:30tatik aurrera, Juanitosa zeneko lokalera joateko hitzordua jakinaraziko diete. Deia jasotzen duten bezeroek saria irabazi dutela jakingo dute baina ez zenbatekoa. Izan ere, 20, 50, 100, 200 eta 500 euroko sariak opari kutxetan gordeko dira eta kaxak aukeratu eta zabaltzerakoan jakingo dute zein sari eskuratu duten. Erosketa bonoek sariaren kantitatea ez ezik, non, zein dendetan gastatu beharko den ere adieraziko dute. 200 eta 500 euroko sariak hiru dendetan erabili beharko dira. Bonoek hilabeteko iraungitze data izango dute, urtarrilaren 31ra arte.

  Txanda dendarien elkarteak herrian erosten duten bezeroen fideltasuna sarituko du Gabonak berak dakarren ilusio, magia eta zoriari keinu eginez, beste behin. Aldi berean, herria Gabon giroz apaintzeko, iaz eskuratutako argidun arbolak jarriko dituzte denda atarietan edo erakusleihoetan, urtarrilaren 6ra arte.

Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!