Gabonetako etenaldiaren ondoren urteko lehen batzarra egingo du gaur Udal Gobernu taldeak.

2015/01/15
Kale Zaharreko tabernen funtzionamenduaren inguruan Udaltzaingoak osatu duen txostena aztergai izango dute, besteak beste.

  Azkenaldian, Kale zaharreko tabernen ixte ordutegia betetzen ote den zalantzan jarriz bizilagunen kexak ugaldu egin dira udaletxean. Horretxegatik, udaltzaingoari, legez araututa dagoen ordutegia betetzen den ikertzea eskatu zion gobernu taldeak. Osatu den txostena aztergai izango da gaur arratsaldeko bileran eta dagozkion neurriak hartzea eztabaidatuko da.

  Gabonak tarteko ia hilabete pasa da Gobernu taldearen azken bilera egin zenetik eta gaurko zerrendan 35 gai jaso diren arren, gehienak tramite hutsezkoak dira. Ia aipatu dugun Kale Zaharreko tabernen funtzionamenduaren inguruko txosten horrezaz gain, beste txosten baten berri ere emango da; Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, 2011ko Udal Erakundeen Kontuen txostenean Oñatiko Udalari dagokionaren berri emango da.

  Bestelakoan, Lope Agirre Kaleko 5. zenbakiko jabekideei errekerimendua egitea ere proposatuko da gaurko bileran. Oso zaharkituta dagoen eraikin honetako teilatu zatiak bidera jausi direla eta, ingurua, zintaz itxita dauka udaltzaingoak. Eraikinaren egoera txarrak duen arriskuaz jabetuta, konpontzeko errekerimendua egingo zaie, Lope Agirre kaleko 5. zenbakidun eraikineko jabekideei.

  Hainbat herritarrek leihoak aldatu, galdarak jarri edo balkoira ateratzeko  edota barne eraberritze lanak egiteko eskaerak ere aztergai izango dira gaur arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!