Fruta eta barazkien azoka plazako ohiko azoka lekuan egingo da bihar
Alarma egoera indargabetzearekin batera, larunbatetako fruta eta berazkien azoka bere ohiko lekura itzuliko da bihar. Baina pertsonen arteko segurtasun distantziak bermatu ahal izateko, fruta postuak Gaztelekua eta parrokia arteko gunean kokatuko dira eta Boluren landara eta barazki postua berriz, azoka gunearen kanpoaldean egongo da, errotonda aldera.
Astetik astera gehitzen joan dira Zubikoa kiroldegian izan diren saltzaileak, azken asteetarako 19 postu jarri zirelarik. Azoka gunean horiei guztiei leku egitea ezinezkoa da baldin eta postutik postura eta tarteko pasabideetan gutxieneko segurtasun distantzia gorde behar bada. Horregatik, jende gehien pilatu ohi dituzten fruta saltzaileak azokatik kanpora, Gaztelekua eta parrokia arteko gunera aldatu dira eta Boluren landara eta barazki postua ere azoka ondoan baina kanpoaldean kokatuko da, esan bezala. Zozketa egin zen azoka gunean egongo diren saltzaileak berrantolatzeko eta pasa den astean jakinarazi zitzaien kokapen berria.
Azokarako sarrera eta irteera eta barruko ibilbidea ere norabide bakarrekoak izango dira aurrerantzean. Sartu, kiroldegi aldetik, arrapala edo ranpatik sartu beharko da eta irten, jolasgune aldeko eskaileretatik irten beharko da. Mugikortasun arazoak dituztenentzat irteera alde horretan behin behineko arrapala jarriko da. Bihar ordea ez da prest egongo oraindik eta sarrera leku beretik irten beharko dira. Dena den, biharko kontua izango da soilik. Azoka gunean bertan erosleek norabide jakin bat jarraitu beharko dute eta hori zuzentzeko bi lagun egongo dira.
Nobedadeak ere izango dira zapatuko jakien azokan, Nestor Altzelaik mendiko gazta saltzeko eskaera egin baitu.
Hori, azken asteetan Zubikoako kantxa urdinean egin eta bihar jada ohiko azoka gunera bueltatuko den zapatuko ferixiaren inguruan esatekoak. Arropa eta ehunkien azoka plaza ondoko jolasgunera pasa den astean itzuli zen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!