Foru aldundiko teknikoak herenegun errekara izan zen gasolio-ihesa aztertzen aritu dira gaur.

2012/12/20
Ihesa kontrolatu bada ere, hoditerian erregai hondarrak daudela eta isuriak jarraitzen duela adierazi dute.

  Udaltzainek eman zuten gertatutakoaren lehen abisua atzo goizean, lanera sartu orduko. Errekak, gasolio usain handia zuela eta isuri edo nahigabeko ihesa lokalizatzen hasi ziren. Erregai orbana Zubillagatik aurrera zabaldua zela ere konturatu ziren. Horrek, ihesa edo isuria, ordu batzuk lehenago gertatu zela adierazten zuen.
Azkenean, ihesa Pake Leku elkartetik herenegun, asteazkenean gertatu zela ohartu ziren.

  Dirudienez, egunean bertan depositua 5.000 litro gasoliorekin bete zuten baina tankeak pitzadura txiki bat zuen eta erregaiak bertatik ihes egin zuen errekara isuriz. Atzo goizean suhiltzaileen buzoak errekan lanean ibili ziren isuria kontrolatzeko eta erreka garbitzeko ahaleginetan. Kutsadura saihesteko asmoz, gasolioari barrera bat egiten saiatu ziren. Aldi berean, Pake lekuko pitzadura konpontzeko depositua hustu dute, baina oraindik hoditerian erregai hondarrak daudela egiaztatu dute gaur goizean Diputazioko teknikoek. Ondorioz, eta hori garbitu bitartean isuriak jarraituko du. Erreka inguruan sortutako erregai orbana nahikoa ikusgarria den arren, ihesa kontrolpean dago.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!