Finantza-aholkulari izateko Enpresagintzako bi titulazio ziurtatu ditu Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak
Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak Enpresagintza Fakultateak eskaintzen dituen bi titulu ziurtatu ditu, finantza-aholkulari izateko. Izan ere, finantza-produktuei buruzko informazioa arautzen duen Europako araudi berriak ziurtagiri horiek eskatzen baititu finantza-aholkularitzan aritzeko. Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak sortutako tituluak dira, eta BMBNk finkatutako irizpideak betetzen dituzte. Finantza-erakundeetan inbertsio-produktuei buruzko informazioa eta aholkularitza eskaintzen duten pertsonek izan behar dituzten ezagutzak eta gaitasunak finkatzen ditu zuzentarau horrek. Finantza Aholkularitzan Aditua eta Finantza Informatzaile Aditua dira bi graduondokoak, eta finantza-erakundeetako langileei bideratuta daude, lehena bezeroei aholku ematen dietenei eta bigarrena, berriz, bezeroei informazioa ematen dietenei.
Aditu-ikastaroa egiten dutenek gai hauen inguruko ezagutza eta gaitasunak bereganatuko dituzte: ekonomia eta finantza-merkatua, inbertsio-produktuak, fiskalitatea eta araudia betetzea, besteak beste; era berean, bezero partikularrekiko eta enpresekiko harremanetan trebatuko dira. Aditu-titulua eskuratzeko unibertsitate-tituluduna izan behar da edo egiaztatutako esperientzia profesionala izan sektorean. Aurtengo ikastaroan 1.400 profesional inguruk hartu dute parte bi tituluetan. Euskadin, Nafarroan, Aragoin, Bartzelonan, Madrilen, Gaztela eta Leonen, Errioxan, Asturiasen eta Kantabrian lanean diharduten profesionalak dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!