Familia ugariek higiezinezko ondasunen gaineko zergan aplikatu zaien hobaria handitzeko eskaera egin dezakete jada udal bulegoetan.

2012/05/25
Diru sarrerak egiaztatzeko aurten egin duten errenta aitorpena aurkeztu beharko dute.

  Astean zehar jaso dituzte herriko familia ugariek, udaleko zerga bilketa zerbitzuaren gutuna. Bertan, higiezinezko ondasunen gaineko zergan familia ugari horiei aplikatzen zitzaien hobaria aldatu egin dela jakinarazten zaie. Hobari orokorra murriztu egin da eta %90etik %15, 40 edo 60ra jaitsi da, familia ugariak 3, 4 edo 5 seme alaba edo gehiago dituenaren arabera. Eta beti ere, ohiko bizileku duten etxebizitzari dagokion zergan.

  Hori, orokorra, familia ugari guztiei aplikatuko zaiena. Baina familiak dituen diru sarreren arabera, hobaria handiagoa izan liteke %50, 70 edo 90ekoa. Horretarako taula bat zehaztu da: 24.000 euro arteko diru sarrera gordinak dituzten familia ugariek %90eko hobaria izango dute eta 24.000tik 50.000 euro bitartekoek berriz, %50a, 3 seme alaba badituzte, %70a, 4 seme alaba badituzte eta %90 5edo seme alaba gehiago badituzte.

  Hobari handiagoa aplikatzea familiak berak eskatu behar du udal bulegoetatik pasata eta adierazitako diru sarrerak aurten egin den 2011ko errenta aitorpenaren kopia konpultsatua aurkeztuz egiaztatu behar da. Familiako kidek edo kideetako batek deklarazioa egiteko obligaziorik ez badu, 2011ko informazio fiskalaren kopia aurkeztu behar da. Dokumentu hori Bergarako ogasunaren bulegoan eskuratu daiteke.

  2011ko errenta kanpaina amaitu ez den arren, Foru ogasunarekin diru kontuak kitatu dituenak dagoeneko eskaria egin dezake. Baina eskatutako hobaria ez da berehalakoan aplikatuko. Erreziboak bidali bezala %15eko hobariarekin kobratuko dira eta higiezinezko ondasunen gaineko zerga ordaintzeko borondatezko epea amaituta, hau da, uztailaren 1etik aurrera, jaso diren eskaerak aztertu eta dagokionari, dirua itzuliko zaio.

  Udalak, familia ugari guztiei aplikatu ohi dien hobari unibertsal horretatik gora dagokiela uste dutenek urtero egin beharko dute eskaria. Urte batetik bestera diru sarrerak aldatu egin baitaitezke eta gehiago, bizi dugun krisi egoeran.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!