Ez ohiko neurriak hartu ditu Gipuzkoako Ur Kontsortzioak herritarren zailtasun ekonomikoak arintzeko
Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren Batzorde Exekutiboak, COVID-19aren osasun larrialdiak eragin dituen ondorio ekonomikoei aurre egiteko ez ohiko neurriak hartzea erabaki du aho batez. Egoera ahulenean dauden kolektiboak eta osasun-krisiak gehien erasandako negozioak babestea da helburua, bereziki zailtasun ekonomikoak dituzten familiak, autonomoak eta enpresak.
Alde batetik, herritar guztiei zuzendutako neurri orokorrak hartu dira, ordainketa modua erraztu eta ur-hornidura bermatzeko helburuz. Ur fakturen ordainketa egiteko borondatezko epea abenduaren 31ra arte luzatu da, errekargurik eta interesik gabeko zatikako ordainketa egiteko erraztasunak emango dira eta alarma-egoerak irauten duen bitartean ez da ur mozketarik egingo ordainketa ezagatik. Bestalde, eta itxita egon diren komertzio eta ostalaritza negozioei zuzenduta, bigarren hiruhilekoari dagokion fakturaren tarte finkoa %100 hobarituko da, hau da, ez da ordaindu beharrik izango.
Gipuzkoako Ur Kontsortzioa lurraldeko udalerriei eta ondorioz herritarrei, behar-beharrezko eta oinarrizko zerbitzua ematen duen entitate publikoa dela esan du Iñigo Elosegik, Ur Kontsortzioko zuzendari gerenteak. Zenbait herritarrek bizi duten egoera zailaz ohartzen direla eta ahal den neurrian lagundu nahi dutela gehitu du.
Hartu diren ez ohiko laguntza neurri hauei buruzko informazio gehiago nahi duenak, www.gipuzkoakour.eus ataria kontsulta dezake edo URA-ren telefonoara deitu: 902 30 22 22 edo 943 31 86 02.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!