Ezohiko intzidentzia ugari izan zen zapatuan Oñatin

Egun konplikatua izan zen larunbata udaltzainentzat eta ertzainentzat, ezohiko intzidentzia ugariri egin behar izan zieten aurre. Goizeko 7:30etan Errekaldeko etxebizitza batean zarataka eta borrokan ari zireneko abisua jaso zuen Ertzaintzak. Bertaratuta bi lagun atxilotu zituzten, bati, genero indarkeria eta, besteari, etxeko indarkeria leporatuta. Atxilotuetako bat, gainera, Arrasateko ospitalera eraman behar izan zuten, zaurituta.
Baina ez zen ospitalera eraman behar izan zen herritar bakarra. 12:30 inguruan, Bidebarrieta kaleko 5. zenbakiaren parean auto batek oinezkoa harrapatu zuen eta Arrasateko ospitalera eraman zuten, badaezpada. Eta 20:00tan, azkenik, postetxe aldameneko jolas-parkean mutiko bat erori eta belaunean min hartu zuela jakinaraziz deia jaso zuen Udaltzaingoak. Haurra ere Arrasateko ospitalera eraman beharra izan zen.
Antixena gaztetxean lapurrak sartu ziren ostiraletik larunbaterako gauean. Salaketa ofizialik ez da jarri baina diru apur bat eta materiala apur bat eraman zutela jakin dugu. Gaztetxetik hurbil ere, Santa Marina plazako Pakita altzariak dendan lapurretan saiatu ziren, zapatu goizean. Ateko heldulekua kentzen hasi ziren baina ez zuten guztiz lortu. Heldulekuak dituen lau tirafondoetatik hiru askatu zituzten, eta nola lotuta zeuden jakinda, tresna egokiekin aritu zirela adierazi digu dendako arduradunetako batek, alegia, lapurrak prestatuta joan zirela.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!