Ez dago nobedaderik Stadler-eko lan auzian

Stadler-eko zuzendaritzak proposatutako enplegu erregulazio espedientea negoziatzeko atzo eguerdian egin zen bileran ez zen aurrerapausorik eman, ELA sindikatuko bozeramale batek adierazi digunez. Enpresak bereari eusten dio eta langileek ere pasa den astean iragarritako mobilizazioekin jarraituko dute. Atzo bertan, lan txanda bakoitzeko bi orduko lan uztea egin zuten eta bilerarekin bat eginez, 12:00tatik 16:00tara, lana eten zuten.
Zuzendaritza eta langile ordezkarien arteko bilera berria hitzartu da datorren asterako. Asteartean, uztailaren 13an izango da, 9:30tan. Eta berriro langileen mobilizazioekin kointzidituko du, egun horretarako 24 orduko lan uztea iragarrita baitago.
Egun osoko greba hori uztailaren 16rako iragarrita dagoen greba mugagabearen atarikoa izango da, gauzak bere horretan mantentzen badira, datorren ostiralean, greba mugagabeari ekingo baitiote Stadler-eko langileek, pasa den astean asanbladan erabaki zutenez.
Stadler enpresak proposatu duen EREak 12 langileren kaleratzea eta gainontzekoen soldata %30 murriztea aurreikusten duela. Stadler-ek 65 langile ditu gaur egun.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!