Oñatiko udala

Ez da zozketarik egingo arte udalekuetako plazak esleitzeko

2022/03/28
Card image cap
50en bat neska-mutikok eman dute izena eta denek parte hartuko dute aurtengo arte udalekuetan

  Arte udalekuetan plazak mugatuak diren arren, izena eman duten neska-mutiko guztiei lekua egin zaie osatuko diren lau taldetan eta, ondorioz, ez da zozketarik egingo, Haurrak eta Gazteria teknikariak adierazi digunez. Izena eman duten guztiek parte hartuko dute aurtengo arte udalekuetan.

  Halaber, bost lagunek eman dute izena arte udalekuetan begirale izateko. Eskatutako baldintzak guztiek betetzen dituzte eta bostak kontratatu asmo dira; lau osatuko diren taldeetako begirale izango dira eta bosgarrena koordinatzaile lanetan arituko da.

  Arte udalekuak Eltzian egingo dira, ekainaren 27tik uztailaren 22ra, 10:00etatik 13:00etara, eta LH 3. mailatik DBH-3ra arteko ikasleek parte hartuko dute. Izena eman duten guztiak onartu dira, zozketarik egin gabe.

  Bitartean, udalak udan antolatzen dituen beste bi aisialdi programetan izen-ematea zabalik dago, ostiralera arte: udaleku irekiak eta uda kirol kanpaina. Udaleku irekiak 2010etik 2018ra jaiotakoei zuzenduta daude eta Uda kanpaina HH4 eta DBH4 maila artekoei. Udaleku irekiak goizeko ekintza da, arte udalekuen antzera, eta kirol jarduerak goiz eta arratsaldez eskaintzen dira. Udaleku irekietan parte hartzeko izen-ematea online egin behar da www.oñati.eus udal webgunean sartuta. Arazoren bat izan edo laguntza behar duenak, ludotekara jo dezake edo bertara telefonoz deitu (688 786 659), 9:00-12:00 eta 17:00-19:00. Uda kirol kanpainarako berriz, izen-ematea online egin daiteke, www.zubikoakiroldegia.oñati.eus atariaren bidez, edo kiroldegiko harreran bete daiteke. Kasu honetan behin betiko inskripzioa egiteko plazen banaketarako izen-ematea da orain bete behar dena.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!