Ez da Oñatiko Korrikarik egingo bihar

Biharko elur iragarpenak eta antolatuta zegoen azpiegitura azken orduan moldatu ezinak bertan behera utzi arazi du herri gunetik Elorregira bitartean egin behar zen Oñatiko Korrika alternatiboa. Halaxe erabaki zuen Korrika herri-batzordeak atzo arratsaldean egin zuen bileran. Ondorioz, bidegorrian barrena egin behar zen ibilbidean kilometroa osatzeko ekarpena egin zuten erakunde, talde eta enpresei Elorregiko biribilgunera joateko hitzordua helarazi zaie. Herriko ikastetxeak, Oñatz, Makalena, Joxely, Udala, EAJ, Txintxurreta, ikastolako langileak eta Lana dira herrian egitekoa zen Korrika berezi horretan parte hartzeko ekarpena egin dutenak. Guztiek batera osatuko dute Elorregi eta Ekilore arteko Oñatiko kilometroa, bihar, 12:30ak inguruan.
Era berean, Korrika txikiari eustea erabaki du herri-batzordeak eta bigarren hezkuntzako ikasleei sarrera emanez egokitzea. Hau da, Korrika txikia 10:30tan hasiko da, iragarri bezala, eta lehen hezkuntzako ikasleek parte hartuko dute lehenik eta segidan, bigarren hezkuntzakoek; plazan Txantxiku ikastolakoek hartuko dute lekukoa, Etxaluzen Elkar Hezikoek eta Santa Marina plazan Urgain-Errekaldekoek eta institutukoek.
Arratsaldeko egitarauan ere moldaketa txiki bat egingo da, eta plazan egitekoa zen erromeria gazteleku barrura eramango da; Gauargi taldearen saioa 16:30tan hasiko da eta, aldi berean, ekintza bereziak egingo dira gaztelekuan bertan. 19:00tarako iragarri zen bertso-triki-dantza-poteoa bere horretan mantentzea erabaki da eta baita apirilaren 2 eta 3rako antolatuta dauden Korrika bazkari, kontzertua eta antzerki emanaldia ere.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!