Ez da kaleratzerik edo soldata murrizketarik izango Stadler enpresan

Atzo arratsaldean jada Stadler-eko zuzendaritzak EREa bertan behera uzteko asmoa azaldu zien sindikatu ordezkariei, eta ondorioz, gaueko txandarako deituta zegoen greba mugagabea ez zen hasi. Baina hitzez azaldutakoa idatziz jaso nahi zuten langileen ordezkariek eta hala, gaur goizean aurreikusita zegoen bilera egin dute bi aldeek, eta bertan bai, enpresak EREa bertan behera utzi duela berretsi eta jaso da aktan. Uztailaren 5ean hasitako prozedura bertan behera uzten duela eta lan agintaritzari dagokion jakinarazpena gaur bidaliko diotela adierazi du zuzendaritza ordezkariak bileran. Ondorioz, ez da kaleratzerik egongo ezta soldata jaitsierarik ere, eta lan gatazka hau hasi aurreko egoeran jarraituko dute langileek. Lanean ari dira, gaur hastekoa zuten greba mugagabea ere bertan behera utzi baitute.
Bertan behera utzi den EREak 12 langileren kaleratzea eta gainontzekoen % 30eko soldata murrizketa jasotzen zuen, arrazoi ekonomiko eta produktiboak argudiatuta. Langileek, presio neurri gisa hainbat lan uzte egin dituzte, uztailaren 8an bi orduko lan uzteak lan txanda bakoitzean eta 13an, hau da, asteartean, 24 orduko greba.
Langileen borrokaren ondoriotzat jo du LAB sindikatuak EREa bertan behera utzi izana. LAB sindikatuak bi ordezkari ditu Stadler-eko komitean, ESK eta ELAk ordezkari bana eta bosgarrena independientea da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!