Ez da bilerarik egingo udalekuetako haurren gurasoekin

2021/06/15
Card image cap
Informazioa whats app-ez bidaliko zaie

  Ostegunean, ekainaren 17an, egitekoa zen udalekuetako haurren gurasoekin informazio bilera. Baina 400 neska-mutikok parte hartuko dutela kontuan hartuta, ez da hainbeste guraso eta haien arteko segurtasun distantzia mantentzeko adina tamaina duen lokalik topatu. Bilera egin ordez, informazio guztia idatziz bidaltzea erabaki dute udalekuetako arduradunek. Informazioa whats app-ez zabalduko da gaur-bihar bitarte.

  Xehetasun guztiak ahalik eta argien azaltzeko asmoz, power point bat prestatu da. Bertan, egutegia, ordutegia, talde bakoitzak izango duen topagunea eta Covid-19ari aurre egiteko etxean eta udalekuetan hartu beharko diren neurriak zehazten dira, besteak beste. Gaztetxoenak, HH3tik LH1 bitartekoak, Gazteleku inguruko gune ezberdinetan elkartuko dira goizero eta baita 13:00tan, eguneko jarduna amaitzerakoan. Nagusienak berriz, LH2tik LH6ra artekoak, Eltzia inguruan. Baina xehetasunak, esan bezala, whats app-ez bidaltzen ari dira gurasoei.

  Argibide gehiago edo informazio osagarria behar dutenek Txaloka ludotekara jo ahal izango dute ostegun arratsaldean, 15:45tatik 19:30tara, edo ordu tarte berean telefonoz deitu 688 634 340 zenbakira.

  Udalekuetako begiraleek bigarren eta azken formazio saioa izan zuten larunbat goizean. Taldekatze berriak egin ziren, COVID-ari aurre egiteko azken neurriak kontutan hartuta. Begirale bakoitzak gehienez 6 haurren ardura hartzea aurreikusi zen hasieran baina ratioa handitu egin da eta 10 neska-mutikorekin aritu ahal izango du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!