Oñatiko udala

Excavaciones Arrasateri esleitu zaizkio hainbat auzo-bide egokitu eta asfaltatzeko lanak

2021/09/22
Card image cap
Zazpi baserri eta auzo-bide konponduko dira aurten

  Gaur goizean bildu da Kontratazio mahaia enpresak aurkeztutako dokumentazio osagarria eta behin betiko fidantza ontzat eman eta esleipenari argi berdea emateko.

  Hiru izan ziren auzo-bideen konponketa lanetarako esleipenera aurkeztu ziren enpresak baina batek bere proposamena erretiratu zuen. Beste biren artean eskaintza ekonomiko merkeena egin duen Excavaciones Arrasatek eskuratu du punturik gehien. Aldea oso txikia izan da, bien proposamen ekonomikoa oso paretsua izan delako, 100 eurokoa besterik ez, baina nahikoa izan da kontratua Arrasateko enpresaren alde joateko. Kontratua datozen egunotan sinatuko da eta lanak urrian hastea aurreikusten da.

  Auzo-alkateen foroan adostu zen 2021eko konponketa plana eta honi ekiteko proiektu teknikoa eskatzea. Auzo bakoitzetik jasota zeuden eskaera eta proposamenen artean lehentasunak markatuta, premia gehien duten zazpi auzo-bide konpontzea adostu zen: Larraña auzoan Antzuolasbeiti eta Antzuelasetxebarri baserrietarako bidea bi zatitan konponduko da eta Antzuelasgoiti baserrietarako bidean konponketak lau zatitan egingo dira. Uribarri auzoan, Erostegitxiki baserrirako bidea konponduko da; Murgia auzoan Biainurruti eta Biain baserrien artean euri urak bideratzeko areka berria egingo da eta Aranerreka baserri parean areka bidez bidea zabaldu eta euri urak bideratuko dira. Olabarrieta auzoan berriz, Auntzola baserrirako bidean euri urak batu eta errekara bideratuko dira. Aipatutakoaz gain hainbat asfaltatze lan ere egingo dira: Torreauzon, Munazategi eta Azkonitza baserrien arteko bidean; Olabarrietan, Irubideta eta Lizarretxe baserrien artekoan eta Murgia auzoko konponketa lanak asfaltatuz osatuko dira.

  Excavaciones Arrasate enpresak konpontze eta asfaltatze lanok 123 mila eurotan egingo ditu, hau da, udalak zehaztu zuen gehienezko aurrekontua baino 14 mila euro merkeago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!