Euzko Alderdi Jeltzaleak San Martingo Plan Partziala aldatzearen behin betiko onespenaren aurka helegite kontentziosoa jarri du.

2014/11/24
Card image cap
Epaitegietara joko zutela iragarri zuten hirigintza batzordean jeltzaleek eta gaur goizean, Bilboko Auzitegiko idazkariaren jakinarazpena jaso da udaletxean

  San Martingo Plan Partziala aldatzearen gaia eztabaidatsua izan da hasieratik, udalbatza osatzen duten bi taldeek aplikatu behar zen lurzoru legearen interpretazio ezberdina egin baitute. Eta aplikatzen den legearen arabera, eraiki beharreko babes ofizialeko etxebizitza kopurua aldatzen baita.

  Jeltzaleek 1994ko lurzoru legea aplikatu beharko litzatekeela esan zuten hasieratik eta horren arabera, San Martingo plan partziala aldatuta, aurre ikusten diren 49 etxebizitza berrietatik 30 babes ofizialekoak izan beharko liratekeela azaldu zuten. EH Bilduk legediaren beste irakurketa bat egin zuen eta San Martin gunean eraikitzeko falta ziren merkatu libreko 83 etxebizitzen ordez, tamaina txikiagoko eta prezio mugatuko 132 etxebizitza eraikitzea adostu zuen lurren jabe diren promotoreekin.

  Jeltzaleek, abokatu batek egindako txosten juridikoa beste profesional batekin kontrastatu dute eta bigarrenak ere, aplikatu beharrekoa, 1994ko lurzoru legea dela berretsi ondoren, gaia, epaitegietara eramatea erabaki dute. Halaxe aurreratu zuten pasa den asteko hirigintza batzordean. Eta halaxe egin dutela jakinarazi dio udal idazkariari gaur goizean Bilboko auzitegiko idazkariak. Izan ere, prozedurari hasiera emateko, zenbait udal agiri eta txosten eskatuko baitira datozen asteetan.

  San Martingo plan partziala aldatzearen behin betiko onespenaren aurka helegite kontentziosoa aurkeztuta, epaileak tramitera onartzen duen ala ez ikusi beharko da orain. Epaileak lehen erabaki hori hartzeko epe jakinik ez dago baina 3-6 hilabete artean egon ohi da. Helegitea tramitera onartzen badu, plan partzialaren aldaketa erabakia bertan behera utzi dezake, beti ere, badaezpadako neurri gisa eta jeltzaleek hala eskatu baldin badute. Horrek, aurre-ikusitako eraikitze proiektu guztiek eten egingo lituzke. Baina jeltzaleek halako badaezpadako neurririk eskatu ote duten ez dakigu eta eskatuta ere, onartuko ote litzatekeen ere ez. Une honetan ziur esan genezakeen bakarra da, Euzko Alderdi Jeltzaleak, San Martingo plan partziala aldatzearen behin betiko onespenaren aurka helegite kontentziosoa aurkeztu duela Bilboko Auzitegian.

  San Martingo plan partziala aldatzeko erabakia uztaileko Osoko Bilkuran hartu zen EH Bilduko ordezkarien aldeko botoz, jeltzaleek ezezkoa bozkatu zuten.

 

Iturria: Oñati Irratia

 

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!