Euzko Alderdi Jeltzaleak, hautagaitza berritua aurkeztu du udal gobernu ardurak berreskuratzeko helburuz

2015/04/15
Card image cap
Herrigintzan aritzeko konpromisoa azaldu duten hamarna gizon eta emakumek osatzen dute udal hauteskundeetarako jeltzaleen zerrenda

  Miren Elgarresta zerrendaburuak taldearen ilusioa nabarmendu zuen atzo arratsaldean Batzokian egin zen aurkezpen ekitaldian. Oñatik behar duen aldaketaren lidergoa hartzeko gaitasuna duen lan taldea dela esan zuen.
Talde anitza eta profil zabalekoa. Bakoitzak duen formazio eta eskarmentutik ekarpen garrantzitsuak egin ditzakeen talde orekatua.

  Hamar emakumek eta beste horrenbeste gizonek osatzen dute Oñatiko EAJren hautagaitza baina aipagarria da, lehen hamar postuetan, emakumeak nagusi direla. Zerrendaburu eta alkategaia, Miren Elgarresta da, bigarrena, Lourdes Idoiaga egungo udal talde jeltzalearen bozeramalea eta zerrendan hurrenez- hurren,  Amaia Erostarbe, Jon Kepa Gerrikagoitia, Marijo Etxegoien, Javi Balzategi, Olatz Agirre, Aitor Urzelai eta Kontxi Egaña agertzen dira.
Udal gobernu ardurak berreskuratzeko helburuz etorkizunera begira osatutako zerrenda dela azaldu zuen Elgarrestak baina EAJk udal kudeaketan egin zituen 32 urtetan markatutako estiloaren lerrotik jarraitzeko asmoa dutela zehaztu zuen. Alde horretatik, aurreko legealdietan aritutako alderdikideen lana eskertu zuen.

  Oñatiar guztiei gobernu ona eskaini nahi dietela adierazi zuen alkategai jeltzaleak; gardentasunean, hurbiltasunean eta kudeaketa eraginkorrean oinarritutako gobernu eredua.

  “Hazi arazi” da EAJk hauteskunde hauetarako aukeratu duen lema eta horren haritik, Oñati hazi arazi nahi dutela esan zuen Miren Elgarrestak. Horretarako, bereziki ekonomiari erreparatuko diotela azaldu zuen, orain arteko industria ehuna eutsiz eta bultzatuz.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!