Oñatiko udala

Euzko alderdi jeltzaleak beti pertsonak lehenetsi dituela esanez erantzun dio BILDU udal taldeari.

2014/02/20
Prentsara zabaldutako oharrean, Oñatiko EAJk enpleguari buruzko idatzirik ez duela egin argitzen da.

  Pasa den asteazkenean jaso genuen Bilduko udal taldearen oharra enplegu arloan, legealdi honetan eman diren laguntzak azaldu eta aurreko legealdiko datuekin alderatuz. Ohar horretan hitzez hitz hauxe esaten zen: EAJ-k enplegua eta ekonomiari begirako planik ez dugula esatean gezurra esaten du.

  Lourdes Idoiaga udaleko talde jeltzalearen bozeramaleak gaur zabaldu duen prentsa oharrean berriz, Oñatiko EAJk halako oharrik ez duela idatzi argitzen du, ondorioz, gezurretan ari direneko salaketa faltsua dela gaineratzen du.

  Udal gobernu taldeak emandako datuak ere osatzen ditu Idoiagaren oharrak. Hala, 2007-2011 enplegu plana krisiaren ondorioei aurre egin nahian lehentasunezko egitasmoa izan zela argitzen du eta autoenplegua sustatzetik haratago joan zela azpimarratzen du. Urte tarte horretan, udalak 74 langabetu kontratatu eta 443 mila euro inbertitu zituela adierazten du. 579 lagunei enplegu formazioa eman zitzaiela beste 67 mila euro inbertituz, edota enpresa txikiek langileak kontratatu zitzaten laguntza programa bat ere martxan jarri zela 36 mila euroko aurrekontuarekin.

  2007-2011 enplegu plan hark milioi bat eta 11 mila euroko kostua izan zuela zehazten du Idoiagaren idatziak. Erdia baino gehiago, ia 590 mila euro udalak zuzenean finantzatu zituela eta gainontzekoa, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzaz osatu zela argitzen du. Guzti horri industriarako lurzoruak  birkalifikatzeko ahaleginak batu behar zaizkiola dio.

  Egia osoa esan gabe, akusazio larriak egitea ez dela zintzotasunez jokatzea dio Oñatiko EAJko zinegotzi taldearen idatziak. Jeltzaleek zuzendutako gobernu aldietan PERTSONAK, letra larriz idatzi eta beti lehenetsi direla gaineratzen da. “Norberarena” defenditzeko “bestea” ez dagoela iraindu beharrik esanez amaitzen da Euzko alderdi jeltzaleko udal taldeak zabaldu duen prentsa oharra.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!