Euzko Alderdi Jeltzaleak, 2015eko udal ordenantza fiskalen bozketan abstentziora joko duela aurreratu du.
EAJko udal taldeak Bilduko gobernuak iragarri eta biharko Osoko Bilkuran jorratuko diren udal zerga eta tasen izozteari buruzko iritzi jakinarazi du prentsa ohar bidez. Udal zergak izoztearekin eta gobernuak proposatutako zenbait aldaketa txikirekin ados daude jeltzaleak, ez ordea “etxebizitza hutsei” aplikatzen zaien Ondasun Higiezinen Zergaren %100aren gain-ordainketarekin.
Horren harira Idoiagak azaldu du zerga honen aplikazioak bidezkoak ez diren egoerak sorrarazten dituela, adibidez, bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzak alokairuan jarri ahal izateko inbertsioak egin beharra.
Etxebizitza hutsei ezarritako gain-ordainketak gainera ez du hasieran finkatutako helburua bete bozeramale jeltzalearen hitzetan, alegia, ez du alokairua sustatu. Horregatik gain-zerga indarrik gabe uztea proposatu dute etxebizitzak oinarrizko bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituen kasuetan.
EAJk prentsara zabaldu duen oharrean zehazten denez, Bilduko udal gobernua bat dator jeltzaleen planteamenduarekin, baina etxebizitzen bizigarritasuna zehaztu ahal izateko beste irizpide batzuk aztertzea proposatzen du Bilduk. Zentzu horretan jeltzaleak prest azaldu dira beste irizpide horiek aztertzeko.
Hala ere, udal ordenantza fiskalen gaia bozkatzerakoan abstentziora joko dutela aurreratu du Lourdes Idoiagak, zaborren tasaren inguruan desadostasunak dituztelako. Herritarrei zabor tasa izozteak udalaren diru kutxan defizita sortuko duela diote jeltzaleek. EAJk argi adierazi nahi du zergen inguruko politikaren helburua ez dela diru bilketa izan behar baina zerbitzu publikoen jasangarritasuna bermatu behar da. Zabor zerbitzuak, udalaren diru kutxetan zuloa eragin duela diote jeltzaleek. Hori dela eta, ordenantza fiskalen bozketan abstenitu egingo direla aurreratu dute. Gaia, biharko Osoko Bilkuran aztertuko da.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!