Eusko Jaurlaritzak ez du “Fan hemendik” eguna debekatuko

2015/06/12
Card image cap
Deialdiak delitu zantzurik ez duela argitu du Segurtasun Sailburuak Legebiltzarrean

  PP eta UPyD alderdieek Fan hemendik eguna galerazi dadila eskatu dute gaur Eusko Legebiltzarrean.
Adierazpen askatasunaren eskubidetik haratago dauden aldarrikapenak entzungo direla eta Fan hemendik eguna ETAren estrategiaren barruan kokatzen dela adierazi du PPko ordezkariak gaur goizean Legebiltzarrean.  Carmelo Barriok hitzez hitz esan du Oñati gorrotoaren hiri bihurtu nahi dutela. Horregatik, biharko deituta dagoen eguna galeraztea eskatu dio Segurtasun Sailburuari.

  Estefania Beltran de Herediak berriz erantzun dio Ertzaintzari ezin zaiola eskatu legea ez betetzea. Oñatiko deialdiak ez duela delitu zantzurik eta ondorioz ezin dela debekatu argitu du. Auzitegietan lortu ezin duena presio mediatiko bidez lortu nahi izatea ere leporatu dio Segurtasun Sailburuak PPko ordezkariari.

  Carmelo Barriok bezala, Gorka Maneiro UPyD-ko ordezkariak ere “Fan hemendik” eguna debekatzea eskatu du Eusko Legebiltzarrean goizean egin den kontrol saioan. Ez dira ordea lehenak izan biharko deialdia galerazi dadin eskatzen. Aurrez, Carlos Urquijo gobernu ordezkariak eta COVITE biktimen elkarteak ere, hala egin baitzuten.
Baina, Eusko Jaurlaritzak ez du Fan hemendik eguna debekatuko Beltran de Heredia Sailburuak argitu duenez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!