Oñatiko udala

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua Parrokian itxi da gaur goizean

2018/11/23
Card image cap
Aurreko 5 saioetan ateratako ondorioak Liburu Zurian jaso dira

  Berezitasun hori izan du Geroa Elkar-Ekin Mendeurreneko kongresuak; urriaren 5etik azaroaren 16ra egin ziren bost gai estrategikoen inguruko saioetan hausnartutakoa Oñatin batu da gaur. Gizartearen inguruko eztabaida Baionan egin zen, urriaren 5ean; euskarari dagokiona Gasteizen, urriaren 19an; aniztasuna eta kohesioa Iruñean ,urriaren 26an; garapen sozio-ekonomikoari dagokiona Bilbon, azaroaren 9an eta gobernantza demokratikoaren ingurukoa, pasa den astean, azaroaren 16an Donostian.

  Hausnarketa prozesu hori oso zabala izan da bai partaidetza nahiz iraupenari dagokionean. Hiru urtez garatu den lana izan baita eta profesional eta adituekin batera, gizarte, politika eta ekonomia arloko eragileek ere parte hartu dute. Saio guzti horien bilduma Oñatin aurkeztu da gaur Euskal Herriak etorkizunera begira dituen erronka berriei erantzun asmoz. Mikel Goiaingeruaren Parrokian egin den Mendeurreneko kongresuaren itxiera ekitaldia, Liburu zuria aurkeztuz amaitu da.

  Mendeurreneko ospakizunek jarraipena izango dute bihar. Ekitaldi instituzionala Mikel Goiaingeruaren parrokian, 12:00tan hasiko da. Aurretik, agintariek eta biltzarkideek Soka-Dantza dantzatuko dute Foruen plazan, duela ehun urte bezala. Gero, parrokian, Donostiako orfeoiaren emanaldia izango da, besteak beste. Gainera, Esteban Urzelai oñatiarra ariko da zuzendari lanetan. Eusko Ikaskuntzaren etorkizuneko lan lerroak bilduko dituen adierazpena irakurriko dute biharko ekitaldi instituzional horretara bildutako lurralde desberdinetako ordezkariek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!