Oñatiko udala

Euskararen normalkuntza eta sustapenerako Diputazioaren diru laguntza jasoko dute herriko hainbat enpresek eta Udalak

2016/07/21
Card image cap
Ikasleek lan-praktikak euskaraz egin ditzaten ia 12.500 euro iritsiko dira Donostiatik

  Foru Aldundiak, euskararen normalkuntza eta sustapenerako hainbat diru laguntza lerro ditu, eta horietako bitan, Oñatiko enpresa eta erakundeen asmoak ekonomikoki babestea erabaki da.

  Lantokietan prestakuntza aldiak euskaraz egin ahal izateko, ia 72.000 euro bideratuko ditu aurten foru erakundeak, eta kopuru horren % 17a, Oñatiko enpresen artean banatuko da. Nemesio Zubiak, Enpresagintza Fakultateak eta ULMAko negozio ezberdinek eskatu dituzte Diputazioaren diru laguntza. Enpresek, praktiketan, eta euskaraz beti ere, zenbat ikasle izan dituzten adierazi dute eta guztira betetako praktika-orduak zehaztu. Horren arabera, guztiei 600 euroko oinarrizko diru laguntza orokor bat eman zaie eta horri batu zaio betetako praktika orduen erdia adinako euro kopurua. Oñatin, guztira, 34 ikasleren lan-praktikak euskaraz egiteko eskaerak onartu dira eta horren arabera, 12.223 euro iritsiko dira Donostiatik.

  Gipuzkoako enpresek 95 eskaera egin dituzte. Aipagarria da, batzuek, garai ezberdinetan izan dituzten ikasleen prestakuntza aldiak laguntzeko eskaera bat baino gehiago aurkeztu dutela. Guztira, 171 ikasleen lan praktikak euskaraz izan daitezen dirua eman du Foru Aldundiak eta ikasle horietatik kasik %20a, 34 hain zuzen ere, Oñatiko lantegietan aritu dela.

  Udalak ere jasoko du Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren diru laguntza. Kasu honetan, euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planak garatzera bideratutako laguntza lerroari dagokiona. 2016an gauzatu asmo diren egitasmoetarako 28.800 euroko aurrekontua aurkeztu zuen Udalak eta Diputazioak, 2.700 euroko laguntza onartu berri du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!