Oñatiko udala

Euskararen erabileraren kale neurketa egin da iraila-urria artean

2021/11/22
Card image cap
Lehen datuak urtea amaitu aurretik jakinaraziko dira eta emaitzak maiatza aldean

  2016an egin zen aurreko hizkuntzen erabileraren kale neurketa gurean. 5 urtero berritzen da eta iraila-urria bitartean errepikatu du Soziolinguistika Klusterrak. Halako neurketak aspalditik egiten dira Oñatin, aurreko mendeko 90. hamarkadatik, eta metodologia sistematizatu bat jarraikiz egiten dira, urte arteko datuak konparatu ahal izateko.

  Landa-lana hiru ibilbide jakinetan egiten da: Errekalde auzoan, San Lorentzo-Olakua-Ugarkalde inguruan eta kale Zaharretik Etxaluzerainoko tartean, plaza, erdiguneko kaleak eta San Martin auzoa hartuz. Gune bakoitzean ostegun, larunbat eta igande batez, goiz eta arratsaldez hartzen dira datuak, ordutegi ezberdinetan, guztira, 30 ordutako datu bilketa burutuz. Datu biltzaileak ez du inkestarik edo galderarik egiten, inguruan dituen hizlariei adi egoten da eta zein hizkuntzatan ari diren jasotzen du, hizlariaren sexua, adina eta beste zenbait daturekin batera. Kale neurketa hauek urte sasoi bertsuan egin ohi dira gurean, iraila-urria bitartean.

  Soziolinguistika klusterrak Oñatiko kaleetako hizkuntza erabilerari buruzko datu orokorrak laster emango ditu, urte akabera baino lehen jasotzea espero dute udal arduradunek. Baina datuak eta lehen ondorio orokorrak besterik ez dira izango. Herrian egin diren aurreko kale neurketekin konparatu eta beste udalerrietako joerekin alderatu ondorengo emaitzen txostena maiatzerako-edo jasotzea espero da. Emaitzen aurkezpen publikoa egitea ere aurreikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!