Oñatiko udala

Euskarara bikoiztutako filmak programatu dira astebururako, Euskararen Eguna tarteko

2022/11/28
Card image cap
“Gabi, 8 urtetik 13 urtera” dokumentala eta “Nire zirkua” filmak emango dira

  Udal arduradunek eskatu zieten zine aretoko kudeatzaileei asteburuko emanaldiak euskaraz egiten saiatzea, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna zinean ere ospatzeko. Jatorrizko produkzioak euskaraz ez badira ere euskarara bikoiztu eta berriki estreinatu diren bi filma programatu dira abenduaren 2tik 5era, publiko gaztetxo nahiz nagusiari zuzenduta.

  Helduen emanaldietan Gabi, 8 urtetik 13 urtera dokumental suediarra ikusi ahal izango da. Gizarteak eskaintzen dizkion bi generoetan bere burua ikusten ez duen haur-nerabe bati buruzkoa da filma. Gabi desberdin sentitzen da eta zaila egiten zaio bere lekua topatzea. 75 minutuko iraupena duen dokumental honek dokumental onenaren saria jaso zuen iazko Nordic International Film Festival-en eta Gijongo zinemaldian ere proiektatu zen. Haurrek berriz, Nire zirkua filma ikusi ahal izango dute. Frantziar produkzio honetan nerabezaro garaian izaten diren kezkak agerian jarriko dira baita ere, familia eta lan mota ezberdinak badirela ikusaraziz. 105 minutuko iraupena duen film hau, larunbat eta igande arratsaldeko saioetan emango da.

  Haurrei zuzendutako emanaldietan, Oñatin, euskarara bikoiztutako filmak programatzen saiatzen dira, hilean behin gutxienik, baina publiko helduarentzat zaila izaten da estreinatu berri diren pelikulen artean euskarazko bertsioa duenik topatzea. Oraingoan, estreinatu eta astebetera ekarriko da Gabiren istorioa Kultur Etxeko zinemara, eta euskaraz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!