Oñatiko udala

Euskara eremu ez formaletan erabiltzearen garrantzia azpimarratzen duen adierazpena onartu du Udalak

2021/12/03
Card image cap
Bereziki gazteengan euskararen erabilerak jauzi positiboa egingo lukeela aipatzen da idatzian

  Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Erabilera-eremu berri eta ez formaletan ere, euskarak arnas berri izenburua duen adierazpena aho batez onartu zuen udalbatzak azaroko osoko bilkuran.

  Osasun pandemiak ekarritako une beltzetik ateratzen ari garela eta hain beharrezkoak diren zuzeneko harremanak berreskuratzen ari garen honetan, euskararen garrantzia aipatzen da adierazpenean. Euskal hiztunen komunitatearen jarrera proaktiboari esker komunikazio eta informazioaren teknologien sareetan tokia du euskarak, baita hezkuntza, komunikabide, osasungintza, eremu sozioekonomikoan edota administrazioan ere. Baina urrats bat haratago emanda hizkuntzaren erabilera formalarekin batera eremu ez formaletan ere euskararen erabilera sustatu behar dela azpimarratzen da idatzian.

  Hizkuntzaren erabilera formalekin batera, eremu ez formaletakoa landu beharra dago, behar besteko lehentasunez. Euskal hiztunak naturaltasun osoz gauzatu behar du euskaraz bizitzeko aukera, eguneroko harremanetan eremu formaletik lan mundu, aisialdi, kultur edo kirol eremuetara igarotzean. Euskararen bizi-indarra dugu jokoan eremu ez formal horiek euskararentzat irabaztearen erronkan. Horrek errotik eta norabide zeharo positiboan aldatuko luke hiztun asko eta askorengan, oso bereziki gazteengan, euskararekiko bizipena dio adierazpenak. Ildo horretan, erakundeek eredu izan eta bitartekoak jarri behar dituztela baina herritarren konpromisoa ere ezinbestekoa dela gaineratzen du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!