Oñatiko udala

Euskara batuaren urteurrenean Arantzazura itzuliko da Euskaltzaindia

2018/09/18
Card image cap
Urriaren 4tik 6ra egingo da "Arantzazutik mundu zabalera:1968-2018" biltzarra, euskarari bultzada berria emateko

  1964an Baionan egindako ahaleginen ostean, 1968ko urriaren 3an ezarri ziren euskara batuaren lehen oinarri sendoak, Arantzazun. Orduan Euskaltzaindiak egin zuen batzarrean abiatu zen euskara bateratua, euskalkien arteko elkar-ulertze arazoak gainditu eta hainbat alorretan hizkuntza arautu baten beharrari erantzuteko sortu zena. Bertan finkatu ziren, besteak beste, euskara batuaren lehen arau-multzoak, hizkuntza idatzian erabili beharreko ortografia, morfologia edota deklinabidea.

  Euskaldunon artean euskara batuaren aldeko adostasun zabala, ezinbesteko tresna izan baita euskararen aurrerabidean.
Data esanguratsu haren 50. urtemuga baliatuz, Euskaltzaindiak XVII. Biltzarra egingo du Arantzazun, Mendeurreneko ekitaldi akademikoetan bigarrena. Nazioarteko biltzarra Arantzazuko Gandiaga topagunean egingo da eta 50 hizlari aditu bilduko ditu. Hiru egunez, urriaren 4tik 6ra, euskararen indarguneak eta ahuleziak identifikatu eta etorkizuneko erronkak aztertzen ahaleginduko dira partaideak, euskarari bultzada berria eman asmoz.

  Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi du Arantzazukoa biltzar berezia izango dela. Mugarri berria izatea nahi da eta asmo horrekin euskalgintzako eragilerik garrantzitsuenak gonbidatu dituztela azpimarratu du Urrutiak. Euskararen etorkizuna bermatu nahi bada, elkarrekin, esperientziak trukatu eta elkarlanean arituz jardun behar dela adierazi du. Akademiak euskararen etorkizuna helburu duela esan du eta Arantzazura hori gogoratzera etorriko direla gaineratu du. Batuaren 50. urteurrenean, gogotsu eta indartsu daudela erakutsi nahi dutela adierazi du Urrutia euskaltzainburuak, euskal gizartearekin batera eta euskal gizartearentzat lan egiteko gogoz. Arantzazuko biltzarra gainera, akademiaren baliabide linguistiko eta teknologiko berriak aurkezteko baliatuko dute, hau da, Euskara Batuaren Eskuliburua eta Euskaltzaindiaren webgune berria aurkezteko.

  Arantzazuko biltzarrean parte hartzeko izen-emate epea zabalik dago, urriaren 1a arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!