Euskaltegirako administraria aldi baterako kontratatzeko deialdia egin du udalak Lanbideren bitartez

2019/11/19
Card image cap
Izena emateko epea azaroaren 25ean amaituko da

  Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako 2019ko dirulaguntza atalean udalak osatu gabe duen kontratazioa da euskaltegirako administrariari dagokiona. Aurrez, udal brigradan eta kale garbiketa zerbitzuan ari diren bost peoi kontratatu dira. Atzo bertan hasi ziren lanean. Lanbideren web atarian argitaratu den administrari lanpostu hau berriz, abenduan zehar bete asmo da. Lanpostua, peoienen antzera, aldi baterako izango da, hiru hilabeterako eta lan jardun osoz.

  Atzo argitaratu zen lan eskaintza Lanbideren orrian, izen-ematea irekiz. Izen-ematea, Lanbideren web atari horretatik egin behar da, azaroaren 25a bitartean. Oñatin erroldatuta eta langabezian egotea eta Lanbiden izena emana izatea eskatzen da. Batxilergoa, Lanbide Heziketa 2 edo baliokide den titulazioa izatea eta euskarari dagokionean, 3 Hizkuntza eskakizunaren pareko ezagutza izatea eskatzen da. Formazio osagarria eta lan eskarmentua berriz, baloratu egingo da. Hau da, IT txartelen bidez egiaztatuko den informatikako ezagutzak izatea eta administrazioan antzeko lanetan aritu izana baloratuko da. Udalak, esan bezala, 3 hilabeteko kontratua eskaintzen du, lan jardun osoz. Hileko soldata gordina 2300 € izango dela ere zehazten du Lanbideren iragarkiak.

  Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea da Lanbidek tokiko erakundeei eskaintzen dizkien dirulaguntza hauen helburua. 55 urtez gorakoak, emakumeak eta langabezian denbora luzez dauden eta gutxieneko diru sarrera batzuk bermatzeko RGIa deritzona jasotzen dutenak bereziki babesten dira kontratazio hauetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!