Oñatiko udala

Euskal Herriko indarkeria politikoaren biktimei buruzko literatura tailerra egingo da liburutegian

2016/11/02
Card image cap
Lau saioz osatuko den tailerra Irene Gantxegi Madinak koordinatuko du

  Irene Gantxegik berak proposatuta egingo da Euskal Herriko indarkeriaren biktimei buruzko literatura tailer hau. Filosofia eta etikaren inguruko harremanaz tesia osatzen ari da eta indarkeriaren biktimak literaturan gaia, lanaren atal bat da. Bilbon, antzerako tailerra gidatu zuen lau hilabetez eta orain, herrian, Oñatin, errepikatuko du.

  Literatura tailer honetan azken 50 urteetan, Euskal Herrian motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan, gertatu diren giza eskubideen urraketei buruz istorio desberdinak irakurriko dira. Aukeratutako nobeletako pertsonaiak jatorri ezberdineko biktimak dira. Fikziozko istorioak izan arren, gure gizartean jazotako gertakari ankerren adibide dira eta hauen irakurketak, indarkeria ikuspuntu kritiko batetik aztertzen lagundu dezake, biktimek jasandako minaren dimentsiora hurbilduta. Zentzu horretan, era honetako literatura irakurketek, bakearen kultura sustatzeko ekarpen garrantzitsua egin dezakeela uste du Irene Gantxegi oñatiarrak, ariketak, iragana ikuspuntu desberdinetatik interpretatzen laguntzen duelako.

  Euskal Herriko indarkeria politikoaren biktimei buruzko literatura tailer hau irekia da. Fikziozko literaturatik abiatuta, biktima desberdinek pairatutako biolentziaren irakurketa kritikoa egiteko interesa duen edonori zuzenduta dago. Iritziak partekatu eta irakur-esperientzia handitzeko interesa duten guztientzat da.

  Saioak euskaraz izango dira eta hasieran, bi nobela irakurriko dira. Lau saio egingo dira, irakurgai bakoitzari bi eskainiz. Partaide bakoitzak egunkari moduko bat izango du irakurketa prozesuan eta solasaldietan izandako gogoetak bertan idazteko. Saioak gainera grabatu egingo dira bertan partekatutako iritzi eta hausnarketak aztertu eta esperientziatik ondorioak ateratzeko. Parte hartu nahi dutenek, izena, liburutegian eman behar dute. Horretarako azken eguna, azaroaren 11 izango da. Hilaren 15ean berriz, tailerraren aurkezpena egingo du Irene Gantxegik berak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!