Oñatiko udala

Euskal Herri feminista, antikapitalista eta antirrazista eraikitzeko aldarrikapenez manifestazio jendetsua egin zen atzo

2021/03/09
Card image cap
Manifestazio amaieran plazan
Martxoaren 8ko eguerdi eta iluntzeko mobilizazioek jarraipen zabala izan zuten

  Distantziak eta segurtasun neurri guztiak gordez plaza bete jende amaitu zen Sare Feministak atzo ilunkararako deitu zuen manifestazioa. Erdiguneko kaleak zeharkatu ondoren plazan lerroka sartu ziren manifestariak eta udaletxeko balkoitik eguneko mezua irakurri zen, euskaraz eta gazteleraz. Emakumeen Mundu Martxaren lemarekin bat egiten duen mezua izan zen, hau da, mugen deuseztea aldarrikatzen duena. Herritarron osasunaren gainetik gobernuetatik kapitala berriro lehenetsi dela salatu zen. Mugak eta kaleak militarizatuta abusu polizial eta instituzional arrazistak jasan behar izan direla azaldu zen eta aurten, inoiz baino gehiago, sistemari arrakala eta printzadurak sortzeko konpromisoa hartu du mugimendu feministak.

  Egungo krisia pandemiarekin hasi zenik ukatu zen eta botere harremanak errotik aldatzeko borrokan jarraitu behar dela esan zen. Euskal Herri feminista, antikapitalista eta antirrazista eraikitzera doazela azalduz amaitu zen martxoaren 8ko irakurgaia.

  Arratsalde-ilunkarakoa egineko mobilizazio jendetsuena izan zen baina ez bakarra. Eguerdian, pentsionisten elkarretaratzea egin zen Olakuan eta  bereziki emakumeentzat pentsio duinak eskatu ziren. 13:00tan berriz, ikasleen txanda izan zen, eta hezkuntza patriarkalaz nazkatuta daudela adierazi zuten plazan egindako elkarretaratzean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!