Oñatiko udala

Euskadi Lagunkoia programa Oñatin abian jartzeko eskaera egin dio berriro EAJk gobernu taldeari

2018/05/03
Card image cap
Adin guztietako herritarrentzat Oñati herri bizia eta atsegina bihurtzea da egitasmoaren helburu nagusia

  2015eko hauteskunde programan jaso zuen EAJk Euskadi Lagunkoia programa Oñatin garatzea, eta hala egin dezan proposatu dio berriro EH Bilduko gobernuari. Egitasmoaren xedea, adin guztietako herritarrak gogoan hartuta, baina nagusiki edadeko herritarrak aintzat hartuta, herri atsegina eta lagunkoia eraikitzea.

  Osasunaren Mundu Erakundeak sustatzen duen Adineko pertsonei egokitutako hiriak egitasmoan oinarritzen da Euskadi Lagunkoia ekimena. Asmoa, auzoak eta ingurua hobetzeko adineko herritarren parte-hartzea bultzatzea da, guztion neurri eta beharretara egokitutako herria egin ahal izateko. Egitasmoaren azken helburua, adinekoek bizimodu autonomoa izan dezaten aukera eskaintzea delarik. Euskal Autonomia Erkidegoko 50 herri baino gehiagok ekimenarekin bat egin dutela gogorarazten dute Oñatiko jeltzaleek eta Debagoienean bertan, Aretxabaletak, Eskoriatzak, Antzuolak eta Arrasatek egitasmoaren alde egin dutela azpimarratzen dute.

  Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Euskadi Lagunkoia programa, Matia Fundazioaren gidaritzapean gauzatzen dela, eta bi erakundeon arteko lankidetza-hitzarmenaren bitartez finantzatzen dela zehazten dute jeltzaleek prentsara zabaldu duten oharrean. Honenbestez, Oñati programako kide egiteko, Udalak bat egiten duenaren hitzarmena izenpetzea besterik ez litzateke behar argitu du EAJko udal taldeak. Programa adinekoengan edota elkarteengan protagonismoa utzita  garatzen baita, jeltzaleen esanetan, beti ere, parte hartze prozesu zabalak sustatuz.

  Egungo gizartean belaunaldien arteko elkarbizitza ohiko bihurtzen ari dela diote jeltzaleek eta zahartze aktiboaren kontzeptua aintzat hartu behar dela azpimarratzen dute. Euskadi Lagunkoia programa herritar guztientzat Oñati herri atsegina eraikitzeko bitarteko egokia dela esanez amaitzen du EAJk egitasmoaren alde prentsara zabaldu duen oharra.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!