Europara bidean doazen migratzaileen beharrei aurre egiteko osatu duen plangintzan Oñati sartu du Eusko Jaurlaritzak

2019/06/04
Card image cap
Larrañan dauden 50 ohe okupatzeko aukera aurreikusi da

  Iazko udan gertatu bezala, migratzaile ugari espero ditu Jaurlaritzak datozen hilabetetan, eta horiei laguntza emateko plana egin du, Gurutze Gorria eta Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Irungo udalekin elkarlanean. 2018ko datuak gogoan hartuta, egunero 250-500 pertsona iritsiko direla uste du gobernuak. Horiek hartzeko azpiegitura gertu du jada. Zerbitzu hauek emango dizkie: osasun azterketak eta botikak, senitartekoekin harremanetan jartzeko bideak, otorduak eta gehienez zazpi egunez lo egiteko oheak, besteak beste.

  Hiru egoera aurreikusten dira planean. Eusko Jaurlaritzaren arabera litekeena da egun berean 250 pertsona artatzea. Baina 500-600 etortzea ere baliteke, kasu horietan Larrañan libre leudeken 50 ohe erabili ahal izatea aurreikusi du Jaurlaritzak.

  Gurutze Gorriak emandako datuen arabera, iazko ekainetik 2019ko martxora, 8.662 migratzailek jaso zuten arreta EAEn: % 60a Bizkaian, % 36a Gipuzkoan eta gainontzeko % 4a Araban. Horietatik %95ek bost egun igaro aurretik jo zuten beste herrialde batzuetara.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!