Oñatiko udala

Euriak hainbat lurjausi berri eta arbola baten erorketa eragin du gurean

2022/01/10
Card image cap
Kalegoiena parean jausi zen arbola erretiratzen (Arg: Goiena)
Kalegoiena parean jausi zen arbola erretiratu dute eta Zubillagan edo Urrexolan izen diren lurjausiak aztertzen aritu dira udaltzainak

  Euriak arazo ugari sortu ditu azken orduotan gurean berriro. 79 litro metro karratuko bildu ziren atzo eta gaur beste 19 bat pilatu dira jada. Ondorioz, putzuak eta ur baltsa handiak sortu dira errepideetan eta lurjausiak ere izan dira hainbat lekutan. Baina gertakari ikusgarriena Kalegoiena parean izan zen atzo, erreka aldameneko arbola bat errepidera jausi baitzen, zorionez, ez zuen ez inor ez ezer azpian harrapatu. Suhiltzaileek moztu eta erretiratu zituzten errepidea eta espaloia oztopatzen zituzten adarrak, atzo bertan, baina ingurua garbitzeko lanak gaur amaitu ditu herri-lanetako taldeak.

  Nekezagoa izango da Zubillagan edo Urrexolan izan diren lurjausien garbiketa. Zubillagan, Erguina zaharra baserrirako bidean lurjausi handia izan zela adierazi digu udaltzainburuak eta Urrexolan ere beste bat gertatu ei zen baina zenbaterainokoa den eta nola garbitu, gaur ikustekoak ziren. Araotzeko errepidera ere harri ugari jausi omen zen atzo baina udaltzainek erretiratu zituzten.

  GI-2630 errepidean berriz, Zubillaga eta Elorregi artean lurjausi berri bat izan da gaur goizean, aurretik jada seinaleztatuta zegoenaz gain. Udana itxita dagoela kontutan hartuta, herriko irteera bakar den hori bereziki zaintzen ari dira udaltzainak eta hala egin dezaten eskatu zaio Ertzaintzari ere.

  Madalenan bidegorria itxi egin zen atzo, errepide nagusiaren azpiko tunelaren parean eta Torreauzorako beste puntu batean ere, putzu handia sortu zelako. Eta bidegorrian jarraituz, Torreauzon ere, erreka irteteko arriskua zegoela jakinarazten zuten seinaleak jarri ziren atzo. Urrexolako Errota baserrian ere ura sartzeko puntuan egon zen atzo hainbat momentutan. Euriak eragindako arazoen kronika honetan Arantzazun, gizonezkoen komuna itxi beharra izan zela esan behar da, harkaitzetik ur asko sartzen ari baitzen.

  Eguraldia alde batera utzita, beste arazo edo istripu bat ere izan zen Txaketuaneko bidegurutzea mugatzen duten pibote hidraulikoetako batekin, larunbatetik iganderako gauean. Zabor bilketan aritzen den kamioietako batek pibotea kolpatu zuen eta ez gora-ez behera, erdi mailan geratu zen, matxuratuta. Ez dio trafikoari eragiten, ibilgailuak aldamenetik pasa baitaitezke. Gaur konpontzekoak ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!