Euri urak bideratzeko lanak egin ditu udal brigadak Roke Azkune etxalde aurrealdean

2018/01/24
Card image cap
San Martindik eta Arantzazuko Ama kaletik datorren ura pilatu eta garajeetara sartu izan da maiz

  Euri zaparrada handiak gertatzen direnean ura sartu ohi da Roke Azkuna kaleko lurrazpiko garajeetara. Arazoa, Arantzazuko Ama kaleko errotonda egin zenean areagotu egin zen bertako jabeek udalari jakinarazi ziotenez. Horregatik, eta errepidea Foru Aldundiari dagokionean, bizilagunen erreklamazioa diputaziora bideratu izan du udalak. Baina handik konponbide zehatzik proposatzen ez zenez, udalak esku hartzea erabaki zuen. Astelehenean, euri urak bideratzeko lanak egin zituen udal brigadak Roke Azkune etxalde aurrealdean, garajerako sarrera aldamenean.

  Euri ura pilatu eta putzu handiak sortu ez daitezen, estolda berri bat egin da, ura, bertatik pasatzen den errekara bideratuz. Izan ere, San Martindik eta Arantzazuko Ama kaletik behera doan euri ura inguruan pilatzen zen eta bidean dauden bi estoldak ez ziren nahikoa. Bat-bateko euri zaparradak gertatzen zirenean, edota estoldak zikin zeudenean, urak gainezka egiten zuen putzu handiak eraginez eta pilatutako ura garajeetara sartzen zen. Udal brigadako langileek hirugarren estolda bat zabaldu dute ura arinago bideratu ahal izateko.

  Astelehenean egin ziren lan hauekin Roke Azkuneko lurrazpiko garajeetara ura sartzearen arazoa behin betiko konpondutzea espero da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!