Oñatiko udala

Eukalipto landaketak debekatzearen aldeko mozioa onartu du Udalak

2022/03/02
Card image cap
Hainbat eragilek aurkeztutako mozioa EH Bilduren aldeko botoz atera zen aurrera, EAJk aurka bozkatu zuen

  Hainbat herritar talderen ekimenez eraman zuen EH Bilduk plenora eukalipto landaketak debekatzea eskatzen duen mozioa. EH Bilduko ordezkarien aldeko botoz onartu zen, EAJk kontra bozkatu zuen. Hiru eskaera jasotzen ditu onartutako testuak, Asier Iraeta ingurumen batzorde burua:

  -Ebidentzia zientifikoei eta egungo eta etorkizuneko belaunaldien interes kolektiboei men eginez, udalerri guztian eukalipto landaketak egitea debekatzea.

  -Eusko Jaurlaritzari eskatzea, eratu dezala ahalik eta lasterren Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskadiko Katalogoa, eta ireki dezala Eucalyptus espezie desberdinak katalogo horretan sartzeko administrazio prozedura.

  -Foru Aldundiari eskatzea alda ditzala baso politikak, bere lurraldean eukalipto gehiago landatu ez dadin, eta titulartasun publikoko zein pribatuko mendietan egun dauden eukalipto sailen ordezkapen ordenatua planifika dezan.

  Mozio idatziak aipatzen duen EHU eta Aranzadi zientzia elkartearen ikerketari erreferentzia egin zion Iraetak, hainbat puntu sakonduz, EH Bilduren aldeko jarrera azaltzeko; Eusko Jaurlaritzaren enkarguz egin zen ikerketak argi eta garbi adierazten ei du eukaliptoak eragin kaltegarria duela ingurumenean. Mendien kudeaketaren eskumena Aldundiarena bada ere, EH Bilduk adierazi zuen udalek badituztela eukalipto landaketei aurre egiteko tresnak, eta Aramaio edo Zaldibarko udalek egindako bidea jarraitzeko asmoa adierazi zuen, debekua gauzatzen saiatzeko.

  EAJk adierazi zuen debekuaren kontra dagoela. Jeltzaleek gogorarazi zuten egunero erabiltzen ditugun produktu asko eukalipto-zelulosatik eratorritakoak direla, eta horretarako egurra Uruguaytik ekartzea ekologikoki sostengarria ote den galdetu zuen Andoni Altuna jeltzaleak. Basoen kudeaketa orekatua dela irtenbidea esan zuen eta oreka hori epe motz, ertain eta luzera egindako landaketak gogoan hartuta topatu beharko dela. Zentzu horretan, ingurumen balio txikiagoa duten eremu jakin batzuetan eukaliptoa landatu beharko dela esan zuen Altunak.

  Bargastak, Gazte Asanblada, Ernai, STH, Oñatiko Naturzaliak, Oñatiko Duintasun Taldea, LAB eta ELA sindikatuek aurkeztu zioten udalbatzari eukalipto landaketak debekatzearen aldeko mozioa. Talde horietako hainbat ordezkarik parte hartu zuten idatzia onartu zen Osoko Bilkuran.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!