Argitaratu dira etxez etxeko laguntza zerbitzua lizitatzeko enpresen txosten teknikoen balorazioak

2016/04/01
Card image cap
Eskaintza ekonomikoen plikak astelehenean irekiko dira

  Aurrera darrai etxez etxekako laguntza zerbitzua kontratatzeko lizitazio prozesuak. Arloan diharduten sei enpresa aurkeztu dira. Pasa den otsailean ireki ziren enpresek osatutako txosten teknikoen plikak eta bakoitza aztertu ondoren, kontratazio mahaiak balorazioa egin du. Alde batetik, zerbitzua emateko proiektua bera baloratu da eta bestetik, langileak kudeatzeko proiektua.

  Zerbitzua emateko proiektuaren baitan, enpresa eta udalaren arteko koordinazioa, harrera integraleko  programak, zerbitzuko jarduerak emateko antolaketa, programa gauzatu eta erregistratzeko dokumentazioa, jardute protokoloak, erabiltzaileari ematen zaion arreta ebaluatzeko programak, enpresak aukeratutako kalitate programak eta beste zenbait puntu baloratu dira. Langileak kudeatzeko proiektuaren baitan bestalde, langileen lan baldintzak, lanbide ziurtagiria lortzeko edota euskara ikasteko langileei ematen zaizkien erraztasunak, etengabeko prestakuntza programa eta lan arriskuak prebenitzeko planak neurtu dira.

  Aipagarria da txosten teknikoaren balorazioan gehienera lortu zitezkeen 60 puntutik, 59 lortu dituela enpresetako batek, EULENek hain zuzen ere. Balorazioan bigarren puntuaziorik altuena lortu duen enpresarekiko 10 puntuko aldea dauka. Guztira, esan bezala, 6 enpresa aurkeztu dira etxez etxekako laguntza zerbitzua emateko lizitaziora. aurkeztutako txosten teknikoaren balorazio puntuazioak Udaletxeko iragarki taulan dauden ikusgai. Era berean, eskaintza ekonomikoen plika edo kartazalak irekitzeko hitzordua ere finkatu da. Astelehenean izango da, 12.30tan,  Udaletxean.

  Etxez etxekako laguntza zerbitzua ezintasun maila ezberdina duten pertsonei eskaintzen zaie, etxeko garbitasunetan, bazkaria prestatu edota jantzi eta beren burua txukuntzeko astean hainbat orduz eskaintzen den laguntza zerbitzua. Helburua, zerbitzuaren onuradun direnen autonomia maila mantentzea da, etxean bizi direla, behar duten laguntza eskainiz. Gaur egun, 70en bat herritar, familia dira etxez etxekako laguntza zerbitzua jasotzen dutenak. Horretan lanean berriz, 34 lagun ari dira.

  EULEN enpresak betetzen du egun etxez etxeko laguntza zerbitzua Oñatin. Baina kontratua, urtea amaitzearekin bukatuko denez, lizitazio berrirako prozesua martxan da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!