Etxez etxekako laguntza zerbitzua kontratatzeko deialdia kaleratu du Udalak

2022/06/08
Card image cap
Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 30ean amaitzen da

  Etxez etxekako laguntza zerbitzua prebentzio eta laguntza izaerako lanak egitean eta menpekotasun egoeran, edo menpekotasun arriskuan, dauden pertsonei laguntzean datza. Etxez etxekako laguntza zerbitzua ezintasun maila ezberdina duten pertsonei eskaintzen zaie; etxeko garbitasunetan, bazkaria prestatu edota jantzi eta beren burua txukuntzeko astean hainbat orduz eskaintzen den laguntza zerbitzua da. Helburua, zerbitzuaren onuradun direnen autonomia maila mantentzea da, etxean bizi direla, behar duten laguntza eskainiz.

  EULEN enpresarekin Udalak duen kontratua urrian beteko dela eta zerbitzua berriro kontratatzeko lizitazioari hasiera ematea erabaki zen azken Osoko Bilkuran. Deialdia zabaldu da eta proposamenak aurkezteko epea ekainaren 30ean amaituko da.

  77 herritar, familia izan ziren etxez etxekako laguntza zerbitzua maiatzean jaso zutenak. Baina zerbitzuaren erabiltzaileen kopurua aldakorra da, eta ondorioz, Udalak, kostuaren gutxi gora beherako kalkulua egin du kontratu berria lizitatzerakoan. Urteko 28.500 ordu bete beharko liratekeela kalkulatuta, 2 urterako kontratuaren lizitazio aurrekontua 1.819.000 eurotan finkatu du. Baldintzetan, eskaintzaren gehienezko prezioa orduka ere finkatu da eta astelehenetik larunbatera betetzen den zerbitzu ordu bakoitzeko gehienez 31.98 € ordainduko ditu Udalak, bataz beste, bi urte horietan. Igande eta jai egunetan betetzen den orduaren prezioa aipatutakoari %38a jasota ordainduko da, gehienez.

  Etxez etxekako laguntza zerbitzuaz arduratuko den enpresa kontratatzea da Udalak berriki kaleratu duen lizitazio deialdiaren helburua. Hasiera batetan bi urtetarako kontratua sinatuko da baina beste bi urtez luzatzeko aukera aurreikusi da. Gaur egun, 33 lagun daude etxez etxekako zerbitzu honetan lanean. Kontratu berria lortzen duen enpresak langile horiek hartu beharko ditu, langileen subrogazioa jaso baita lizitazio baldintzetan.

  Enpresen eskaintza ekonomikoak 100 puntutik 51 lortzeko aukera emango du eta gainontzeko 49ak proposatutako memoria teknikoaren eta langileak kudeatzeko proiektuaren arabera banatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!