Oñatiko udala

Etxeko zaintza sektorean profesionaltasun ziurtagiria lortzeko prestakuntza ikastaro berria, martxotik aurrera

2024/02/07
Card image cap
Saio presentzialak larunbatetan izango dira eta astean norbere kabuz aurrera egiteko materiala izango da

  MENTINS programa ezaguna da gurean, Udalak eta egitasmoa landu duen SSI taldeak elkarlanean, halako prestakuntza ikastaro pare bat egin zirelako iaz. Orain, Eusko Jaurlaritzaren finantzazioarekin, ikastaro berria egingo da, martxotik aurrera.

  Etxeko zaintza lanetan dagoeneko ari direnentzat propio diseinatutako programa da MENTINS izenekoa, aurrez aurreko eskolak larunbatetan egiten direlako eta bestelako materiala, astean zehar, bakoitzak ahal duen tartean lantzeko prestatu delako. Autoprestakuntza eta saio presentzialak tartekatuko dituen ikastaro hau 22 larunbatez luzatuko da. Aurrez aurreko saioak larunbatetan, arratsaldez izango dira, 15:30etatik 19:30etara, Zubillagako Olaburu zentroan.

  Dagoeneko etxeko zainketen sektorean lanean diharduten pertsonei zuzenduta dago ikastaroa, bereziki interna moduan edo lanaldi zatituan lanean ari direnei, baina baita aldizka lan egiten dutenei ere. Atzerritartasun egoera erregularizatuta dutenei zuzentzen zaie, profesionaltasun ziurtagiria lortzeko prestatzeko helburuz. Agiria eskutan lan merkatua handituko zaie eta erakunde publikoei etxez-etxekako laguntza zerbitzuak ematen dizkieten enpresa pribatuetara sarbidea erraztuko zaie, besteak beste. Helburua, mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria lortzeko prestatzea da, esan bezala, egiaztagiria eskuratzea norberak ondoren egin behar duen prozesua baita. Emaitza oso ona da aipatu ikastaroa egiten dutenen artean, Oñtin egin dutenen gehiengo zabal batek, %90etik gora, agiria eskuratu duelako.

  MENTINS programari buruzko argibideak eman eta interesatuen izenak hartzeko aurkezpen-informazio saioa antolatu da otsailaren 17rako. 15:30etan hasiko da Zubillagako Olaburu zentroan bertan. Joateko interesa dutenei izena aurrez ematea eskatzen zaie, ikastaroaren arduradunarekin, Ana Fernandezekin harremanetan jarrita (944 795 170 edo  afernandez@grupossi.es).

  MENTINS prestakuntza ikastaro berria martxoaren 2an jarriko da martxan eta 22 larunbatetan osatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!