Oñatiko udala

Etxeko hondakinak uzteko zintzilikarioak berrantolatzen ari da Mankomunitatea, Udalaren eskariz

2022/02/28
Card image cap
Beheko esekitokiak lekuz aldatzen ari dira

  Esekitokien kokapena berrantolatzen ari dira Mankomunitateko teknikariak, behealdean daudenen erabiltzaileek azaldu dituzten arazoak konpontzeko asmoz. Izan ere, ez da kokapen erosoa, makurtu behar delako, edota txakur eta katuen oso eskura egonik hondakinak sarritan lurrean zabaltzen dituztelako animaliek. Baina esekitoki guztietan ez dago kubo edo poltsak goialdean jartzeko leku librerik eta esekitoki berriak ere jartzen ari dira, inguruko beste erabiltzaileen kokapena aldatuta. Tokian tokiko aukerak aztertu eta horren araberako soluzioak jartzen ari direla adierazi dute Mankomunitateko arduradunek.

  Pasa den astean hasi ziren berrantolaketa lanok egiten eta bizpahiru hilabetetan burutuko dira. Oñatin egiten ari diren berrantolaketaren modukoa Antzuolan egin da aurrez, atez ateko sistema duen eskualdeko beste herrian. Lanak amaituta, atez ateko sistemaren inguruko komunikazio kanpaina txikia egingo da bi herrietan.

  Aldaketak egiten zaizkien herritarrei berehala jakinarazten zaie zein esekitoki berri erabili behar duten eta non dagoen zehaztuz. Argibide horiek kartazal batean sartuta uzten zaizkie postontzian, kuboetan jarri behar dituzten kode eta zenbaki pegatina berriekin batera, beharra dagoenean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!