Ikastaro berria egingo da etxeetan zaintza lanetan dihardutenei zuzenduta
Udalak formazio ikastaro ezberdinak antolatzen dihardu, etxetan arreta eta zaintza lanetan dihardutenek laster beharko duten profesionaltasun ziurtagiria eskuratu dezaten. Hala, oinarrizko hainbat ikastaro egin eta gero, iazko urrian, bigarren mailako ziurtagiria eskuratzeko sakontze kurtsoa jarri zen martxan. Sakontze ikastaro hau espezializatuagoa ez ezik, luzeagoa ere bada eta lau modulutan banatu zen. Urritik abendura, etxez etxeko higienea eta arreta sanitarioa ikastaroa egin ondoren, etxez etxeko arreta eta laguntza psikosoziala jorratuko duen modulua egingo da ikastaro orokorrari jarraipena emanez. Modulu berri honetan, lehenengoan aritu ziren 10 ikaslek eta aurretik ibilitako beste 5ek parte hartuko dute.
Kurtso berria, aurrekoaren antzera, Zubillagan, Olaburu zentroan emango da 15.00tatik 19.00tara. Guztira, 210 orduko modulua da eta datorren astelehenean hasita apirila amaierara arte luzatuko da. Arrasateko Bastida akademia zentru homologatua arduratuko da ikastaroa emateaz eta Udalak, 15.750 euro bideratuko ditu hartarako.
Gizarte arreta arloko profesionaltasun ziurtagiria eskuratu ahal izateko 600 orduko ikastaro sakona, poliki-poliki osatzeko asmoa dago. Etxez etxeko higienea eta arreta sanitarioa lehenengo moduluaren ondoren, etxez etxeko arreta eta laguntza psikosoziala modulua egingo da orain eta ondoren, etxez etxeko laguntza eta familia elikadura eta mendeko pertsonentzako arreta soziosanitarioko lanekoak ez diren jardunbideak etxean modulu laburragoak egingo dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!