Etxebizitza sozialen alokairuaren kobrantza eten du Udalak

2020/05/18
Card image cap
Maizterrek egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte

  Udalak alokairu erregimenean dituen etxebizitza sozialetako errenten kobrantza aldi baterako etetea erabaki zuen. Ofizioz hartu da erabakia. Baina alokairua ordaintzetik salbuesteko Covid 19aren ondorioz egoera ekonomiko kalteberan daudela egiaztatu beharko dute maizterrek.

  Udalak osatu duen Alkate Dekretuaren arabera hainbat baldintza eman behar dira maizterra kalteberatasun ekonomiko egoeran dagoela onartzeko. Besteren kontura lan egin eta osasun alarmak eragindako krisiaren ondorioz langabezian geratzea edo, autonomo edo enpresaburuen kasuan, diru-sarreren galera edo salmenten %40ko beherakada gutxienez jasan izana. Aipatutako bi egoera horietako batean egoteaz gain, diru sarrera errentariaren edo bizikidetza unitearen urteko diru sarrera haztatu edo ponderatuak ere kontuan hartuko dira. Ordaindu beharreko errenta gehi komunitate gastuak aipatu diru sarrera haztatuen %30a baino gehiago dela ondorioztatzen denean, maizterra kalteberatasun ekonomiko egoeran dagoela onartuko da eta ez ditu apirila, maiatza eta ekainari dagozkion errenta kuotak ordaindu beharko.

  Udalak zuzenean kudeatzen dituen bost etxebizitza sozialetako maizterrei ez die apirila eta maiatzeko errenta kobratu baina hala dagokiela frogatu behar dute, eskaera orria bete eta lehen aipatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztuta. Dokumentazioa HAZ bulegoetan aurkeztu behar da ekainaren 11ra arteko epean. Gogoratu, udaletxeko HAZ bulegoa 7:30tatik 15:30tara irekitzen dela baina joan aurretik txanda eskatu behar dela.

  Udalak 11 etxebizitza sozial ditu jabetzan baina horietako bost bakarrik kudeatzen ditu zuzenean, une honetan. Gainontzekoak, Alokabide zerbitzuaren bitartez kudeatzen dira eta honek ere egoera kalteberan dauden maizterrei apirila, maiatza eta ekaineko errenta ordainketa eteteko aukera eman die. Zentzu horretan, udalak prestatu duen Alkate Dekretua, Alokabidek zehaztu zuen baldintza plegoaren egokitzapen dokumentua da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!