Oñatiko udala

Etxaluzeko parkearen urbanizazioa eraberritzeko lanak hasi dira

2018/11/19
Card image cap
Echaide enpresari esleitu zaizkio igeltserotza eta elektrizitate lanak

  LKS Ingenieritzak idatzitako egitasmoa oinarri hartuta egingo dira Etxaluzeko parkea eraberritzeko lanak. Eremua txukunduko da eta oinezkoen guneak eta berdeguneak konponduko dira. Parkeko zoladura guztia, 1.700 m2 inguru, berrituko da kolore naturaleko asfaltoa erabiliz. Gainera, hormigoizko hormatxo/eserlekuak eraikiko dira bost puntutan, eta tamaina desberdineko 13 eserleku ere jarriko dira. Iturri berri bat ere egokituko da. Elektrizitate lanei dagokienean, argiteria guztiz berrituko da,  14 luminaria jarriz. Parkerako sarbideak ere moldatuko dira irisgarritasun unibertsala bermatzeko.

  Gaur bertan hasi dira Echaideko langileak eremua mugatu eta lanak egiten. 3 hilabeteko epea izango dute horretarako.

  Hiru enpresa aurkeztu ziren udalak deitu zuen lizitazio prozesura baina bat kanpo utzi zen lizitazio prezioa gainditzen zuen proposamena aurkeztu zuelako. Beste bien artean, Echaideren proposamen teknikoak eta eskaintza ekonomikoak jaso zuten puntuaziorik altuena. Bi ataletan, lortu zitekeen puntuaziorik handiena eman zion Kontratazio mahaiak. Eskaintza ekonomikoari dagokionean, udalak zehaztutako lizitazio prezioa 19.000 eurotan merkatu zuen. Etxaluzeko parkearen urbanizazioa eraberritzeko lanak, 195.870 eurotan esleitu dira.

  Etxaluzeko parkearen erabateko berrantolamendua egin asmo zuen udal gobernu taldeak, parkearen azpiko garajeak  irazgaitzi edo inpermeabilizatu behar zirela aprobetxatuta. Baina garaje jabeek atzera egin zuten eta ondorioz udalak ere bai, orain lan handi bat egin eta urte gutxiren buruan, zoladura aldatu beharra ez baitzen egoki ikusten. Beraz, Altube-Negeruela-Otaegi arkitektoek egindako Parke gorrixa proiektua alde batera utzita, eremua txukuntzeko egokitze lan xumeagoak egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!