Oñatiko udala

Etxaluzeko parkearen eraberritzea eta Garay enpresako tximiniaren ingurukoak eztabaidatuko dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2018/07/05
Card image cap
Lan zerrendan 24 gai jaso dira

  Hirigintza batzordeak arratsaldeko bilerara eramango dituen bi gai hauek ez dira berriak, lehenago ere eztabaidatu dira gobernu batzarrean. Garay enpresako adreiluzko tximinia eraistearen gaia, esaterako, iazko azaroan aurkeztu zitzaien gobernu taldeko kideei baina hainbat kontsulta egin eta tximinia bota gabe mantentzeko aukera aztertzearren, mahai gainean geratu zen.

  Hijos de Juan de Garay enpresako adreiluzko tximinia XIX mende amaieran eraiki zen. Tximiniak 38 metroko altuera du eta 2,40 m-ko diametroa oinarrian eta 1,40 m ingurukoa gailurrean. Tximinia lotu eta ez jausteko 5 eraztun metaliko jarri dira urteen poderioz baina goialdeko zatia oso okertuta dago eta hainbat adreilu jausi izan dira. Tximiniaren egoera txarra ikusita eraisteko baimena eskatu zuten enpresako ordezkariek iazko udazkenean eta Itziar Zelaia arkitektoaren proiektua aurkeztu zuten. Tximinia ez dago ez katalogatuta ezta inbentariatuta ere. Horrek esanahi du ez daukala ondare babes berezirik baina intereseko eraikuntza dela iritzi zioten udaleko zerbitzu teknikoek, herriko industria ondare eta historiaren lekuko delako. Horregatik, tximinia eraberritu eta mantendu ote daitekeen aztertzea erabaki zen. Azterketa horren ondorioak jakinaraziko dira seguruenetik gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean eta tximiniarekin zer egin erabakiko da.

  Etxaluzeko parkearen urbanizazio eraberritzeko lanen lizitazioa hasteko baldintza zerrenda onartzea proposatuko da gaurko bileran. Gai hau ere ez da berria, baina hasierako planak aldatu dira. Udalak, Etxaluzeko parkearen eraberritze sakona egitea aurre ikusten zuen. Lanak, lizitaziora atera ziren iaz baina prozesua bertan behera utzi zen, aurkeztu zen enpresetako baten eskaintzak lizitazio aurrekontua gainditzen zuelako eta besteak eskaintza erretiratu zuelako. Gerora jakin da gainera, plazaren azpiko garaje jabeek garajeak inpermeabilizatzeari uko egin diotela eta horrek, hasierako asmoa guztiz irauli du. Parkea berrituko da eta irisgarritasuna eta komunikazioa hobetuko dira baina hasieran aurreikusten zen esku-hartzea baina xumeagoa izango da oraingo lana. Zenbait gunetan oso zartatuta dagoen parkearen zorua konponduko da eta iturri bat jarriko da. Baina xehetasunak, gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean emango dira eta lanak lizitaziora ateratzeko prozesuari hasiera emango zaio, baldintza plegoa onartuz.

  Bi gai nagusi horiezaz gain, urriaren 6an ospatuko den Herri Egunaz edota, neguko bide lanen kanpainaren baitan Arantzazun egin ziren hainbat lanen fakturaz berba egingo da, besteak beste. 24 gaiko lan zerrenda osatu da gaurko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!