ETEO eraikin zaharrean, erdi sotoa zaharberritu eta musika entsegu lokaletarako espazioa egokitzeko lanak kontratatzeko iragarkia gaur argitaratu da.

2015/02/05
Card image cap
Interesa duten enpresek, martxoaren 3ra arteko epea dute proposamenak udal bulegoetan aurkezteko.

  ELTZIA proiektuaren baitan lehen musika entsegu-lokalak egokitzeko lanak dira prozesu honetan esleituko direnak.

  Deialdi honetan, proiektuaren lehen faseko lanak egingo dira, hau da, 30-35 metro karratu inguruko 10 lokal eta 65 metro karratuko gela egokituko dira. Musika Eltziaren proiektua osatzeko 20 metro karratu inguruko beste hiru entsegu lokal, 50 metroko gela eta grabazio estudioa prestatzea aurre ikusten da. Horiek, hurrengo bi fasetan egingo dira.

  Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu denez, lan hauek, lau hilabeteko epean egin beharko dira. Aurrekontuari dagokionez, bestalde, udalak, zehaztu duen lizitazio prezioa 379 mila euro gehi BEZa da. Horrelakoetan beti diogunez, enpresek gehieneko kopuru horren pareko edo merkeagoa den eskaintza aurkeztu beharko dute lizitazioan kontutan hartu daitezen. Eta merkatzeak izango du saririk, esleipenerako irizpideko nagusia, eskaintza ekonomikoa izango baita. Gehienera lortu daitezkeen 100 puntuetatik 80, proposamen merkeenak jasoko baititu. Kontutan hartu eta baloratuko diren beste irizpide batzuk, lanen berme epea luzatzea, enpresaren baliabide tekniko eta pertsonalak eta bestelako hobekuntzak izango dira.

  Gaur bertan argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ETEOko eraikin zaharraren erdi sotoa berrituz, hainbat musika entsegu lokal egokitzeko lanen inguruko kontratazio deialdia. Horren arabera, 26 eguneko epea irekitzen da enpresek beren proposamenak aurkeztu ditzaten. Epe hori, martxoaren 3an amaituko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!