ETEO aurrealdeko ezkiak birlandatu egin dira

2017/02/06
Card image cap
4 Santa Marina plazan sartu dira eta beste 6 Torreauzoko Munazategi inguruko berdeguneetan

  Olaran proiektuaren ondorioz, ETEO eraikin zaharraren aurrealdean zeuden 10 ezki edo tilo kendu dira. Zuhaitz handiak diren arren, tokiz aldatu eta birlandatzea erabaki da. 4 arbol Santa Marina plazan sartu dira eta gainontzekoak Munazategi inguruan.

  Santa Marina plazaren bueltan dauden arbolak ezkiak dira. Gaitzak jota edo haizearen eraginez apurtu eta arriskutsu zeuden hainbat ale moztuz joan dira azken urteotan. Ondorioz, 4 gune hutsik zeuden. Hutsuneak bete eta plaza itxuratze aldera ETEOtik ateratako 4 arbol bertan landatu dira. Gainontzeko ezkiak Torreauzoko Munazategi inguruan dauden 2 berdeguneetan birlandatu dira. Leku aldatze eta birlandatze lanok pasa astean egin ziren.

   Olaran proiektuaren baitan ETEO aurrealdean ur jokoetarako eta ariketa fisikoa egiteko guneak sortzeko asmoa dago. Ur jokoen gunea Ugarkalde aldera egokituko da eta pertsona helduek ariketa fisikoa egiteko gunea berriz, San Lorentzo aldera. Hasieran, inguruko arbolak mantendu asmo baziren ere, 10 ezki kendu eta herriko beste zonalde batzuetan birlandatu dira. Arbolek lurra ondo hartu eta leku berrira arazorik gabe egokitzea espero da.

  Azken ezki bat geratu da ETEO aurrealdean, kospost-gunearen ondoan, hain zuzen ere.  Konpost-gunea ere lekuz aldatu beharko da baina oraindik ez da kokapen berririk zehaztu. Olaran proiektuaren baitan egin asmo den ur jokoen gunea eta ondoko ariketa fisikorako gunea prestatzeko lanak udaberrian hastea aurre ikusten da. Bitartean, birlandaketak egiteko negua aprobetxatu da.

  Lanak Enviser enpresak egin ditu; ezkiak retroexkabadora batez atera, kamioi garabiz garraiatu eta zuloak egin ondoren berriro landatu ditu. Horretarako aurrekontua, 4400 euro (+BEZa) izan da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!