Oñatiko udala

Esteban Urzelai oñatiarrak zuzendaritza saria jaso du Mariborreko Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan

2023/04/26
Card image cap
Zuzentzen duen Suhar gizon koruak beste bi sari eskuratu ditu

  2018an Donostian sorturiko SUHAR gizon koruarentzat lehen abesbatza lehiaketa izan da Eslobeniako Mariborreko 17. Gallus nazioarteko abesbatzen lehiaketa. Sari ugari eskutan, oso pozik, itzuli dira. Zortzi abesbatzek parte hartu dute asteburuan jokatu den lehiaketan, Suhar taldearekin batera, Eslobenia, Letonia, Puerto Rico, Irlanda, Italia, Suedia eta Indonesiako beste zazpi abesbatza lehiatu dira.

  Ostiralean, lehiaketaz kanpoko folklore saioa izan zuten eta donostiarrek Aita Madinaren Beti eskamak kentzen abestu zuten, besteak beste. Emanaldia entzuleen oso gustukoa izan zen eta publikoaren saria eskuratu zuten. Larunbatean berriz, lehiaketako bi saioak etorri ziren. Eta Suhar taldeak domekako finalera sailkatzeko txartela eskuratu zuen beste lau abesbatzekin batera. Igandeko emanaldiaren ondoren etorri zen sari banaketa ekitaldia.

  Esteban Urzelai oñatiarrak, Zuzendarientzako Saria eskuratu zuen, Jacobus Gallus konpositorearen obra baten zuzendaritza eta interpretazio onenaren saria, hain zuzen ere. Suhar taldeak lehiaketako bigarren saria lortu zuen, Suediako Zero8 gizon abesbatzaren atzetik sailkatuta. Publikoaren saria ere Donostiara ekarri zuten, aipatu bezala.

  Eslobenian lortutako hiru sari horiek aurrera jarraitzeko pizgarri direla aitortu digu Esteban Urzelaik. Publiko eta epai mahaikideengandik jasotako iritzi eta balorazio onek, energia eta bultzada handia eman dietela gaineratu digu. Hilabeteetako lan gogorraren ondoren, atseden txiki bat hartuko du Suhar gizon koruak, baina berehala ekingo dio hurrengo konpromisoak prestatzeari.

  Suhar taldeak Aita Madinaren lanak bilduz diskoa grabatu zuen iazko udaberrian eta Agustinoen elizan aurkeztu zuen, urrian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!