Espetxeetara martxak egingo dira otsailaren 20an SORTUk antolatuta
Ezker Abertzaleak azaroan martxan jarri zuen Abian prozesuaren baitan kokatu behar dira hilaren 20an egingo diren espetxe martxak. Abian, gogoeta prozesua da. Lehen fasea amaitutzat eman da jada. Zutik Euskal Herria ebazpenetik hona jasotako balantzea, egungo egoeraren analisia, etorkizunera begirako estrategia eta antolakuntza eta militantzia ereduaren inguruan jasotako iritzi eta ekarpen guztiekin txostena egin da. Txosten hori presoek ere hausnartu dezaten lortu nahi da eta horren aurrerakin moduan dator espetxe martxen ekimena.
Euskal presoak dauden Espainia eta Portugaleko espetxe guztietara iritsi nahi da. Horretarako, eskualde bakoitzari espetxe ezberdinak izendatu zaizkio. Debagoienari Jaen, Herrera, Topas eta Algecirasko kartzelak egokitu zaizkio. Arrasate, Eskoriatza eta Leintz Gatzagakoak Xabin Usandizaga dagoen Jaengo espetxera joango dira. Antzuola eta Elgetakoak Herrerara, Bergarakoak Algeciraseera eta Aramaio eta Oñatikoak Xabier Ugarte preso dagoen Salamancako Topasera.
Gaur bertan ireki da izen ematea. Arrano tabernan egin behar da. Topaserako autobusa, 6.00retan abiatuko da Korreosko autobus geltokitik.
Martxa hauen helburua, dispertsio eta sakabanaketak eragindako baldintzak salatu eta presoen eskubideak aldarrikatzea da. Era berean, presoei herritarren berotasun eta maitasuna helarazi nahi zaie.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!