Oñatiko udala

Esperientzia gelan parte hartu eta Goienagusiko bazkide egitera animatu du alkateak

2023/01/11
Card image cap
Oñatiko Esperientzia gelaren balorazio oso positiboa egin da hurrengo ekintzen aurkezpen ekitaldian

  Udalak eta Goienagusi elkarteak elkarlanean abiatu zuten Oñatiko Esperientzia gelak lehen hiruhilekoa osatu du, antolatzaile eta partaideen aldetik balorazio oso positiboa jasoaz. Urritik abendura bost hitzaldi eta jarduera osagarri bat egin dira eta parte hartzaileek 4tik gorako puntuazioa eman diete, 5eko eskalan.

  Joseba Sarrionandia idazlea, Garazi Hach-Embare saharar-euskalduna eta Felix Zubia medikua etorriko dira Oñatiko Esperientzia gelara, datozen asteetan. Baina Arrasaten eta Bergaran ere izango dira hitzaldiak eta, bestalde, ikuskizunak, tailerrak, mendi irteerak, bisita gidatuak eta irteera kulturalak ere egingo dira. Guztien inguruko informazioa Goienagusiko web atarian dago ikusgai. Oñatin programatu direnen berri zabaltzeko whats app talde bat sortu du Udalak (688 744 932).

  Oñatiko Esperientzia gelak ezagutzak eta bizipenak partekatzeko foro izan nahi du eta harreman berriak egiteko topagune ere bai. Alde horretatik garrantzitsutzat jo du alkateak hitzaldiak hasi baino ordu erdi lehenago eskaintzen den kafea. Oñatiko berezitasuna da, proba moduan egiten hasi zen eta mantentzea erabaki da, elkar ezagutu eta berba egiteko gune eta une goxo bihurtu dela ikusita. Hitzaldira zuzenean joan gabe, aurreko kafe hitzordura hurbiltzera animatu ditu herritarrak Izaro Elorza alkateak.Era berean, Goienagusi elkartean bazkide egin eta Oñatiko ekintzetan ez ezik, eskualdean antolatzen diren besteetara joatera ere gonbidatu ditu.

  Goienagusiko bazkide izateko 55 urte beteta eduki behar dira eta dagokion kuota ordaindu. Urtarriletik urrira artekoa 56 euro da. Bazkide egiteko eta antolatu diren ekintzen informazio osatua Goienagusiko web atarian dago ikusgai.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!